AED Elkarteak aldaketak egin beharko ditu bere barne antolaketan, Arrasateko Euskalgintza osoaren koordinazioa eta gidaritza bere gain hartzeko. Orain arte, EMUN Kooperatibako langile batek egiten zuen hori, baina hemendik aurrera AEDren gain egongo da lana.
Urteko batzarrean, bestalde, iazko jardunaren gaineko balorazio baikorra egin dute eta abian jarritako proiektuekin aurrera egiteko konpromisoa hartu dute. Horien artean, berebiziko garrantzia eman diote berriro abian jarri duten Leintz Bertso Eskolari.
Kafe Antzokia, aspaldiko ametsa ere mahai gainean jarri dute. AED Elkartea lanean jarriko da, aztertzeko Arrasaten aukerarik ote dagoen euskalzale guztiak batuko lituzkeen Kafe Antzokia zabaltzeko. Hala balitz, behar diren izapideak abiatuko ditu euskararen aldeko elkarteak.