Arratsaldeko 17:00etan piztu zuten sua Arrasateko plazan herriko lau harakinek. Jose Ramon Otamendi, Jose Elortza, Manuel Agirre Urreta eta Gorka merkatu plazako harakinak Giokela markako okela saltzen dute euren harategietan.
Kalitateko marka bat da eta lau harakin gaude Arrasaten, azaltzen zigun Jose Ramon Otamendik. Hemengo okela dam eta elikadura naturalarekin egindakoa. Jendeak gero eta gehiago daki horren gainean eta gero eta gehiago estimatzen du.
Saiheski pintxoak, 800
Lau harakinek 150 kilo saiheski prestatu zituzten Giokela Jairako; 1.000 pintxo inguru eskaintzeko moduan ziren, hortaz.
Eguraldia, ordea, ez zuten lagun izan eta arratsaldean atertu bazuen ere, aurreko urteetan baino jende gutxiago joan zen plazara. Urtero egiten dugu jai hau, azaltzen zuen edaria jarri zuen Kajoi tabernako Antonio Murillok. Hasieran, doan ematen genituen pintxoak eta edaria, baina bururatu zitzaigun polita izango litzatekeela prezio bat jarri eta bildutako dirua herriko dantza taldeei ematea.
Saiheski pintxo gozoez gain, Giokela Jaian Kajoi tabernak jarritako sagardoa edo ardo ondu bikaina edateko aukera izan zen euro eta erdiko prezioan. Eguraldi txarretik babesteko, hori bai, jende gehiena arkupe azpira joan zen okela eta ardo gozoa gustura hartzeko.
Dantzariak plazan
Giokela Jaia gaueko 9etaraino luzatu zen eta ordu horretan elkartu zen jende gehien Herriko plazan. Arrostaitz dantza taldeko partaideak aritu ziren txartelak saldu eta pintxoak zerbitzatzen. Eurendako izan da aurtengoan Giokela Jaian bildutako dirua; kontuak ondo atera baditugu, 1.200 euro.
Taldeko musikari eta dantzariak bildu ziren Herriko plazan. Fandangoak, arin-arinak, kalejirak... dantzan egin zioten aurre eguraldi goibelari.