Gaur, egubakoitza, 19:00etan hasiko dute Arrasate Hiria Xake Txapelketako laugarren edizioa. Txapelketa, Arrasateko taldeak Altamiran duen egoitzan jokatuko dute. Antolatzaileak pozik daude punta-puntako txapelketa antolatzea lortu dutelako: sari onak (2.000 euro saritan), parte-hartze handia eta izen handiko xakelariek jokatuko dute Arrasaten.
Rodney Perez faborito
Esan gabe doa, txapelketan esku hartuko dutenen artean nazioarteko maisu Rodney Perez kubatarra dela faborito. Hala ere, bi kontrario gogor izango ditu: Miguel Navarro nafarra eta Barbadosko (Karibea) Ricardo Szmetan. Bi xakelari horiek dira kubatarrari aurre egiteko ondoen gertatuta daudenak. Horrek ez du esan gura, baina, gainontzeko xakelariek ez dutenik lanik emango; hiru xakelari horiez gain, beste hamabost daude-eta nazioarteko rankingean sailkatuta.