Garibairen arima galdua

Joxe Aranzabal 2004ko eka. 28a, 13:13
Orain badakit zer gertatu zitzaion Garibairen arimari, eta zer arazo izan zituen kronikagile mondragoetarrak Inkisizioarekin. Anjel Lertxundiren azken liburuan irakurri dut, nobelatuta.

Aspaldi batean, San Frantziskoko eliza berrizten hasi ziren batean, entzun edo irakurri nuen —ez dut ondo gogoratzen— Garibairen hezurrak hantxe zeudela lurperatuta, eta garai batean arazoak izan zituela Espainiako Inkisizioarekin. Hala ere, gauza garbirik ez.

Orain, berriz, irakurri dudanean Anjel Lertxundi idazlearen azken liburua, Konpainia Noblean, Alberdania argitaletxeak kaleratua, argitu zaizkit ilunak.

Garibairen Arima

Kontakizun honetan esaten da nola Esteban Garibai hasi zen idazten Espainiako erresuma guztien kronika, Adanengandik hasita. Urte batzuen buruan, artean berrogei baino ez zituela, arrasatearrak bukatu egin zuen lana, geroago Compendio Historial izenarekin ezagutuko zena.

Compendio hark berrogei liburuki zituen. Horregatik, Garibaik ez zuen aurkitu Espainian moldiztegirik lan itzel hori egingo zionik. Harik eta norbaitek hitz egin zion arte Anberesko Plantin moldiztegiaz.

Garibai bere lanekin agertu zitzaionean, Plantin inprimatzaileak ezin sinetsi: gizon bakar batek ezin egin hain lan mardula, “bost moldiztegi batera beharko ditugu lan hori argitaratzeko”, esan omen zion Plantinek bere laguntzaile bati; eta gero, Garibaik ez ulertzeko moduan, flandeseraz erantsi:

—Garibai horrek deabruaren laguntza izan du, bestela ez da posible!

Berehala hasi zen zabaltzen erresuma guztietan Garibaik arima saldu ziola Txerreni. Batez ere Felipe II.ak izendatu zuenean arrasatearra erregearen bibliotekari eta kronista, Juan Idiakez estatu kontseilariaren bitartez.

Garibaik ez omen zuen etsairik gortean, baina Idiakezek bai, antza. Tolosarraren arerioek Garibai aurkitu zuten aitzakia egokia besteari min egiteko, eta horrela, arian-arian, gero eta indar handiagoz, zabaldu zuten Madrilgo bazter guztietan Garibaik arima saldu ziola deabruari. Salaketak Inkisizioraino iritsi ziren, nahiz eta hark esku hartu aurretik hil zen arrasatearra.

Garibai hil eta gero, sutautsa bezala zabaldu zen mondragoetarraren arima galduta zebilela, ez zerurako, ez eta infernurako. Haurrei ere ondo erakutsi zitzaien zer esan behar zuten baldin eta arima batekin topo egiten bazuten:

—Parte onekoa bazara, zer gura duzun esadazu; Garibairena bazara, zoaz nigandik zazpi legoan!

Espainiako literaturan ere, idazle askok aipatu dute Garibairen arimarena: Pérez Galdos, Ricardo Palma, Clarín, Mesonero Romanos, Hurtado de Mendoza, José María Sbarbi, Larra…

Olasoko Jauna

Beste kontakizun honetan, Anjel Lertxundik kontatzen du Olasoko jaunaren azkena. Mondragoe erretzetik zetorren, borda itxurako eraikin batean geratu zenean…

Laurogeita hamahiru istorio edo kontakizun eskaintzen dizkigu Anjel Lertxundik liburu honetan, aipatu ditugun bi hauek bezala, ia denak tradiziotik atera eta birsortuak. Niretzat opari ezin hobea izan dira, ustekabez ospitalean igaro ditudan sei egunetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak