Isa Casadok, Arantzazu Zubiak eta Mondrak jasoko dituzte aurtengo AUKEA sariak

Xabier-Urzelai 2004ko mai. 12a, 13:38
Aurtengo AUKEA sariek dagoeneko badute izena eta abizena. Isa Casado, Arantzazu Zubia eta Mondra Futbol Taldea dira aurtengo sarituak, eta domekan bertan jasoko dituzte sariak, Musakolako kiroldegian egingo duten gimnasia erakustaldia aprobetxatuta.

AUKEA kirol erakundeak dagoeneko erabaki du joan den urtean nortzuk izan ziren Arrasateko kirolari onenak. Kirolari onenaren saria Isa Casado atletari emango diote. Talde onenari saria Mondra Futbol Taldeak jasoko du, eta aipamen berezia Arantzazu Zubia Arrasateko gimnasia taldeko entrenatzailearendako izango da.

Isa Casadok urte borobila izan du, nahiz eta orain min hartuta dagoen. Eski denboraldia hasi aurretik mendiko maratoiak korritzen ibili zen. Besteak beste, Aizkorriko eta Mulhaceneko probetan izan zen, aurreko postuetan beti. Neguan, berriz, mendiko botak alde batera utzi eta zeharkako eskia egiteari ekin zion. Euskadiko Kopa osatzen duten probetan hartu du esku, eta proba horietan lortutako puntuei esker bigarrena izan da Euskadiko Kopan.

Talde onenari saria, berriz, Mondra Futbol Taldeak jasoko du. Azkeneko urteak erregional mailan ibili eta gero, Josu Zubiak zuzentzen duen taldeak preferente mailara igotzeko txartela eskuratu zuen joan den denboraldian.

Aipamen berezia

Aurtengo aipamen berezia Arantzazu Zubiarendako izango da, Arrasateko Gimnasia Erritmikoko entrenatzailearendako. Arantzazu 8 urterekin hasi zen gimnasia erritmikoa egiten, eta 19 urterekin hasi zen Arrasateko taldea entrenatzen. Lan horretan hasi zenetik 19 urte pasa dira, eta oraindik ere lan horretan dihardu. Eta, egindako lana da AUKEAk saritu gura izan duena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak