Udalaren jarrera salatzeko aprobetxatu dute Alderdi Popularraren zinegotziek hedabideen aurreko agerraldia. Esan dutenez, Udalak ez ditu kontutan hartu oposizioko alderdiak aurrekontuak egiterakoan, eta horrexegatik daude oso haserre. Hilaren 26an eztabaidatuko du aurrekontua Arrasateko udalbatzarrak eta PPk 22 zuzenketa egingo dizkio.
Era berean, zenbait proposamen egin dituzte Arrasateko popularrek. Zine aretoak eta gune komertziala nahi dute Arrasaten, eta horretarako proposatzen dute enpresa pribatu bati eskatzea bideragarritasun plan bat. Udalak euro bateko partida zuzendu du horretarako, popularrentzat hori ez da nahikoa.
Gainera, Udal bulegoak txiki geratu direla adierazi dute, eta horrexegatik udaletxe berri bat eraikitzea proposatzen dute. Salatu dute Kultura Etxe berriaren eraikuntzan sekulako dirutza gastatu duela dagoeneko Arrasateko Udalak.
PPren esanetan hasierako aurrekontua, 500 milioikoa zen, eta dagoeneko %62 ko igoera izan du aurrekontu horrek. Hori kontuan hartuta, Kultura Etxearen aurre proiektua egin zutenei ardurak eskatu behar zaizkiela esan du Itziar Lamarainek.