Letona: "Eskerrak eman nahi dizkiot herri guztiari"

Amaia eta Usoa 2003ko abe. 19a, 13:51
Atzo, abenduaren 18an, utzi zuten aske Enrike Letona arrasatearra, hamabi mila euroko fidantza ordaindu eta gero. Arrasate Irratian izan da Letona.

Lehenbizi, ongi etorri

Eskerrik asko.

Suposatzen dut deiak jaso eta jaso ari zarela.

Bai, horretan ari naiz. Goiz guztia deiak jaso eta jaso nabil. Jendeak zorionak ematen dizkit eta elkartasuna adierazi. Eta pozik nago.

Pozik zaude?

Pozik bai, baina pixka bat haserre ere bai. 5 hilabete eman ditut espetxean eta ez nuke egun bat bera ere eman behar bertan. Beste bide bat zabaltzen ari dira. Ez dakit lehena naizen, beste batzuekin ere saiatuko dira.

Alde horretatik haserre pixka bat ere badaukat barruan. Ez zait haserre hori mantentzea gustatzen, baina egoera honetan uste dut haserretzeko eta amorru apur bat sentitzeko eskubidea izan behar dugula.

Gainontzean, pozik nago. Berriz ere herrian. Uste dut Arrasateko herria izugarri ondo portatu dela nire kasuan. Oso modestua sentitu naiz. Isolamenduko ziega batean zaudenean, eta zaindari batek ekartzen dizunean egunkaria eta ikusten duzunean milaka pertsona elkartu direla herrian eta… bada horrek izugarrizko berotasuna ematen dizu.

Arrasaten manifestazioa egin zen eta zure askatasuna eskatzen Bilgunea izeneko taldea osatu zen. Horren berri bazenuen?

Bai, denbora guztian oso informatua egon naiz. Eta hemendik, lehenengo gauza egin nahi dudana da eskerrak ematea; bai Bilguneari eta bai Bilgunean parte hartu duten alderdi, sindikatu eta jende guztiari. Oso berotasun eta elkartasun handia sentitu dut. Oso lagungarria izan da niretzat bost hilabete hauek pasatzeko. Zuek, komunikabideek, badakit oso gainean egon zaretela, eta beraz, eskerrik asko.

Zure anaia Agustin hemen izan da behin baino gehiagotan, eta berak esaten zigun nahiko larriak edo gogorrak izan direla zuretzat bost hilabete horiek. Isolamenduan izan zara.

Bai. Espetxera eraman nindutenean, Estatuko Soto del Real espetxean sartu ninduten eta han 18 egun egon nintzen normaltasun osoz. Halako batean, patioan geundela palan jolasten, funtzionario bat gerturatu eta zera esan zidan: "Destinoz aldatzen zaitugu, Valdemorora zoaz". Eta gainera, sarreran eman zidaten papeltxo bat, esanez lehen graduan nengoela eta lehen fasean.

Lehen faseak espetxean dauden baldintza okerrenetan egotea suposatzen du. Eta inoiz ez dute hori egin. Uste dut, orain arte dagoen aurrekari bakarra Unai Parot-en kasua dela. Orain 13 edo 14 urte oso baldintza bereziak ziren. Uste dut hori dela aurrekari bakarra; kaletik ez sartu eta isolamendura eramatea lehen graduan eta lehen fasean.

Isolamendu egoeran ziegan igaro behar dituzu eguneko ordu gehienak, ordu gutxi patiora irteteko.

Hiru edo lau ordu dituzu patioan egoteko, segun eta non zauden. Baina, ez da hori bakarrik. Zeldan ezin duzu eduki ezer: ez duzu ispilurik, bizarra kentzekorik ere ez, ez coca-cola sinple bat, ez erratz bat, ez fregonarik… ez duzu ezer, ezta garbitzeko ere… Zelda garbitu nahi izanez gero, ekartzen dizute eskoba bat, zelda garbitu eta bueltatu egin behar izaten da berehala.

Orain bizarrarekin nago. Nik erabaki nuen baldintza horietan bizarrik ez kentzea; patioan kendu behar duzu, ateratzen zarenean komun bat dago bazter batean eta hara joan behar duzu. Funtzionarioari eskatu behar diozu bizarra kentzeko makina. Nire ustez, baldintza horiek ez ziren higienikoak.

Bestalde, ez da ordu kontua bakarrik. Patioa nolakoa den ere kontuan hartu behar da. Ziur nago, edozein tximinok edozein zoologikotan, gure patioa baino askoz handiagoa duela zelda. Goitik itxita, alanbreak… guk ematen genituen patioan 8-10 pauso luzeran eta 6-7 zabaleran. Hori zen gure patioa.

Zelda baino hiru aldiz handiagoa. Han ez dago ezer. Hotza egiten zuenean, hotza. Euria egiten zuenean, euria. Komunerik ez. Komunera joateko baimena eskatu behar zenion funtzionarioari, atea zabaldu zezan.

Hori guztia pasa ondoren, gaur ondo lo egingo zenuen, ezta?

Bai, oso ondo lo egin dut. Goizean goiz jaiki naiz.

Gaur berriro ere ongietorria, arratsaldeko 19:00etan.

Bai, nik esaten diet, urtean niri ongietorri batekin nahiko zela. Uste dut beste bat egin behar didatela, 19:00etan. Hor egongo gara berriz.

Santamasak pasako dituzu hemen herrian. Ez dakit Santamasak bizi izan dituzun.

Bai, baina orain dela 23-24 urte egon nintzen Santamasetan azkenekoz. Urte asko dira. Santamasak bereziak dira, arropak… euskal giroarekin lotura handia… ikusiko dugu nola moldatzen garen guztia ikusteko.

Horixe, Enrike, ongi etorri

Eskerrik asko zuei, entzuten ari diren guztiei eta herriari oro har. Babes handia sentitu dudala esan nahi diet denei. Eskerrik asko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak