Haikuak eta liburuak jasotzeko dihardute Arkupen

Mirari Altube Arrese 2024ko api. 18a, 17:53
Herritar bat haikuaren esku-orria sartzen Arkupeko kaxan.

Liburuaren Nazioarteko Eguneko ekitaldiak apirilaren 26rako iragarri ditu Udaleko Kultura Sailak. Haiku erronka dago deituta ordurako, eta aurkeztutakoak irakurriko dituzte; liburu-truke azoka egingo dute, norberak eroandako liburuak trukatzeko.

Irakurzaletasuna sustatu eta literatura herritarrengana gerturatzeko xedearekin, keinu txiki bat egingo diote apirilaren 23an ospatzen den Liburuaren Nazioarteko Egunari. Herriko idazleekin elkarlanean bi ekitaldi antolatu ditu Udaleko Kultura Sailak hilaren 26rako: batetik, haiku erronka dago. "Japoniar jatorriko poema txikiak dira kaikuak; hamazazpi silaba dituzte, bost, zazpi eta bost silabako hiru bertsotan banatuta, eta ez dute errimarik izan beharrik. Gaia, askotan, natura izaten da, baina besteren bat ere izan daiteke. Unetxo bat hitzetan harrapatzea da kontua", azaldu du Judit Ruiz de Munain idazleak.

12 urtetik gorako edonork parte har dezake eta online aurkez daitezke edo Arkupen dagoen kaxan sartu, han dagoen esku-orri bat beteta; horretarako azken eguna hilaren 21a da. Hurrengo egubakoitzean irakurri egingo dituzte aurkeztutako horiek Arkupen, 18:00etan egingo den ekitaldian, eta hainbat opari banatu ere bai ondoren.

Liburuak trukatzeko aukera

Bestetik, literatruke azoka ere egingo dute, 17:00etan hasita. Trukatu gura diren liburuak aldez aurretik eraman beharko dira Arkupera, eta han bonu bat jasoko dute beste liburu bat hartzeko. "Herriko idazleok antolatu izan dugu azoka azken urteotan, baina oraingoan herritarren parte-hartzea sustatu gura dugu", eman du aditzera Ruiz de Munainek. Dena den, idazleen lanak ere eskuragai izango dira egun horretan, baita haiekin bertatik bertara hitz egiteko aukera ere.

Literatruke azokari 20:00etan emango diote bukaera, mokadutxo bat janda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak