Pello Urizar: "Kataluniak hartutako erabakia ez dago atzera botatzerik"

Mirari Altube Arrese 2017ko ira. 12a, 10:36

Katalunian bizi duten prozesuari babesa erakutsi zioten atzo, Diada egunean, Aretxabaletan. EH Bilduk herritarrak gonbidatu zituen horretara eta Pello Urizarrek adierazi zien "Kataluniak herri moduan hartu duela erabaki bat eta hori ez dagoela atzera botatzerik".

EAko idazkari orokor Urizarrek hain zuzen azaldu zien herritarrei zein unetan dagoen Kataluniako prozesua: "1.200 herritatik 800 baino gehiagok erabaki dute euren eskoletan egingo direla bozketak; hedabideek erabaki dute publizitate ofiziala ematea; eta parlamentuan erabaki dute trantsiziorako legea onartzea. Hortaz, erabaki dute herri bezala erantzutea".

Euskal Herriarendako ate bat

Horren aurrean euskaldunek ere badutela zeresana adierazi zuen Urizarrek: "Demokraziaren prozesu bat da, eta herriak duen erabakitzeko eskubidea babestea edo ez babestea da kontua; Kataluniak orain, eta Euskal Herriak aurrerago, bere etorkizuna finkatzeko duten eskubidea onartzea edo ez onartzea da", eta gaineratu zuen: "Kataluniarrek ibilbide hau bukaeraraino egiten dutenean ate bat irekiko da guretako ere, eta gure esku egongo da euskal gizarte moduan ate hori aprobetxatzea. Izan ere demostratuko da nazioarteko legeek markatutako prozesua eginda posible dela herri batek bere etorkizuna definitzea". Horregatik berretsi egin zuen demokraziaren aldeko mugimendua dela Katalunian bizi dutena: "Hor egon behar dugu, guretako inbertsio bat delako, nahiz eta batzuek ez ikusi hala. Edo Kataluniarekin gaude, demokraziarekin gaude, herriek erabakitzeko duten eskubidearen alde; edo Espainiarekin gaude".

Hori horrela, Gure Esku Dagok deituta zapatuan, Bilbon, egingo den manifestaziorako deia egin zuen: "Jakin dezatela Katalunian Euskal Herria eurekin dagoela. Bilboko kaleak goraino beteko ditugu".

Agurra dantzatu zioten herriko bi dantzarik esteladari eta ondoren argazkia atera zuten ekitaldian elkartutakoek, horien artean hainbat kataluniar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak