Denboraldiko lehenengo partidan itxura ona eman dute Aretxabaletako mutilek. Hernani ondo ibili zen aurreko denboraldian eta talde berdintsuarekin egingo dio aurre honakoari, horregatik zen partidu garrantzitsua gaurkoa.
Partidua hasi aurretik Ibarran batutakoek minutu bateko isilunea gorde dute abuztuan Pirineotan hildako Mikel Crespo herrikidearen omenez –Crespok UDAn jokatu zueneko elastikoa jarri zuten berdegunearen erdian–; ondoren, UDAko mutilek gogotsu hasi dute norgehiagoka eta aukerak sortzen asmatu dute. Azkenean iritsi da saria. Hain zuzen ere Santxok egin du gola 41. minutuan.
Atsedenaldiaren ostean markagailuari buelta ematen ahalegindu dira hernaniarrak eta epaileak Markel Saez de Gordoari bigarren txartel horia atera dionean argiago ikusi dute posible izango zela.; izan ere, hamar jokalarirekin jokatu behar izan du Udak 35 minutu.
Faktore hori, ordea, ez da erabakigarria izan. Luze jo du norgehiagokak aretxabaletarrendako, baina ondo egin diote aurre egoerari. Gutxiago baina aukerak sortzen jarraitu dute, eta ondo asmatu dute baita ere hernaniarren jokaldiak mozten. Aipatzekoa Asier Castellano atezainak egindako zenbait geldiketa.