Ekintzaileendako lokala zabaltzeko gertu

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko ira. 8a, 08:00

Itxura berritua eman diote kanpotik ere enpresa ekimenetako zentroari.

Oraindik ez dute data zehatzik iragarri, baina azken lanak egiten ari dira zerbitzuetara bideratutako enpresa ekimenetako zentroko bost moduluetan; dagoeneko, gainera, aurkez daitezke eskaerak Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziara.

Ekintzaile berriek euren proiektuak aurrera eraman ahal izateko txoko berri bat izango dute aurrerantzean Aretxabaletan. Udalarena den eta Aralar kaletik sarrera daukan Nafarroa kaleko 6-8 zenbakietan dagoen lokalean, bost modulu egokitu ditu Debagoieneko Mankomunitateak, eta azken lanak egiten ari dira egunotan, laster martxan jartzeko.

Zerbitzuei bideratutako proiektuak garatzeko lekua izango dute bertan ekintzaileek eta modulu bakoitzean gehienez ere hiru urtez egon ahal izango dira ekintzaileak, aldi baterako lagapenekoak direlako.

Eskaerak, Mankomunitatera

Ez dago eskaerak egiteko azken egunik, eta dagoeneko bidera daitezke, baina baldintza batzuk derrigorrez bete behar dira. Besteak beste, hauxe: Debagoiena eskualdean enpresa bat eratzeko proiektua sustatzen duten pertsona fisikoak edo asko jota sei hilabetetako antzinatasuna duten enpresak izan behar direla –banakako enpresaburuak ere sartzen dira–. Eta eskaerarekin batera proiektuaren bideragarritasun plana aurkeztu beharra dago.

Eskaerak Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziara joanda aurkeztu behar dira; Arrasateko Nafarroa Etorbidea 17an. Informazio gehiago nahi izanez gero, hainbat bide daude: rgarcia@debagoiena.eus-era idatzi, 943 79 30 90 telefonora deitu, edo, Debagoiena.eus webgunean ere badago informazioa.

Arrasaten ere bai

Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziak Enpresa Ekimenetarako Zentroa sortu zuen, etaArrasaten dagoeneko Mankomunitatearen egoitzan horrelako hamasei modulu daude, ekintzaileei bideratuta; horietako zortzi industriara zuzenduta, eta beste hainbeste zerbitzuetara. Arrasatekoei, Aretxabaletakoak batuko zaizkie orain, eta guztira, 21 modulu egongo dira beraz, aurrerantzean bailaran. Arrasateko lokaletan gaur egun hamaika enpresa daude kokatuta, eta hamazazpi lagunek jarduten dute horietan lanean. Arrasateko zerbitzu moduluetan sartzeko itxarote-zerrenda dago eta aurrerantzean eskatzaileek aukera izango dute Aretxabaletako edo Arrasateko moduluetan sartzeko, betiere, baldintzetan azaltzen den gutxieneko puntuazioa lortuz gero.Eta ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditu bai, baina lokalik lortu ez duten proiektuak itxarote-zerrendan geratuko dira.

Lokalak erabiltzeko moduan daudenean, itxarote-zerrendan dauden proiektuak dauden eskaera berriekin batera lehiatuko dira lokal horien esleipenerako, eta puntuazio-ordenaren arabera banatuko dira.

Mankomunitatetik adierazi dute, euren lokalak 1997an martxan jarri zirenetik, 80 ekimen berri eraman direla aurrera, eta horietatik %65ak merkatuan jarraitzen duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak