Azkoagainekoaren ostean, zapatuan, hilak 26, UDAk Eibarko Urko hartuko du Ibarran, 19:30ean. Hilaren 30ean, berriz, Ariznabarraren kontrakoa jokatuko dute, hori ere etxean eta ordu berdinean.
Aurreko denboraldia hirugarren postuan bukatu zuten aretxabaletarrek, eta aurten ere goiko postuetan ibili nahi dute. Iñigo Velez de Mendizabal entrenatzailearen ustez, hori lortzeko egin beharrekoa "partiduz partidu" joatea da. Izan ere, talde indartsuekin borroka egitea tokatuko zaie. Jaitsi berri diren Tolosa eta Pasaia, Real Union B, Mutriku edota Mondra aipatu ditu entrenatzaileak. Iaz urte bukaera oso ona egin zuten, eta horri jarraipena ematea gurako lukete.
Blokea mantenduz
Fitxaketei dagokionean, Jokin Baltzategi bergararra batu da taldera. Horrez gain, harrobiko Asier Urtzelai, Iker Arriolabengoa, Ibon Perez de Labeaga eta Gillen Mar jokalariak lehen taldearekin arituko dira denboraldi honetan. Hain zuzen, Jose Javier Barkero kirol zuzendariak harrobiak duen garrantzia azpimarratu du: "Klubak urte asko daramatza harrobiko taldeekin lan oso ona egiten, eta horrek badu bere islalehen taldean".
Barkerok nabarmendu du UDAren abantaila nagusia indibidualtasunetatik harago doala, talde konpaktua direla. Lerro guztietan jokalari garrantzitsuak dituztela dio, eta bereziki aurrealdean duten abiadura azpimarratu du.
Aurten ere Ohorezko erregionalean ez dira eskualdeko derbiak falta izango, UDA, Mondra eta Bergara baitaude maila horretan.