Guardia Zibileko agente espezializatuak zapatuan hasi zituzten bilaketa lanak. Balaitous mendia igotzeko bidean miatu ostean, bide hau inguratzen duten tokietan dabiltza bilaketa egiten, bai oinez eta baita helikopteroaren laguntzarekin ere.
Gaur goizean goizetik ere abiatu dituzte bilaketa lanak, baina, momentu honetan mendizale aretxabaletarra aurkitu gabe jarraitzen dute.
Sare sozial bidez laguntza mezuak hedatzen ari dira, berari buruz informazioa lortu nahian. Guardia Zibilak, gazte aretxabaletarraren gertuko jendeari esan dionez, gaur ez badute antzematen, bihartik aurrera eremu zabalago batera hedatuko dute bilaketa. Zonaldearen arrisku maila altua ikusita Guardia Zibiletik mezua helarazi dute bilaketa lanak espezialisten esku uzteko.