Kale heziketa programa irailaren 1etik izango da abian. Aurretik ere eman izan du zerbitzu hori Udalak –2009 eta 2013 bitartean hain zuzen ere–, eta orain ere horren beharra dagoela uste dute. Urnietan egoitza duen Kalexka enpresak izango du zerbitzuaren ardura. Udalak lehiaketa bidez hautatu du enpresa hori lau urtetarako, eta 53.000 euro ordainduko dizkio urtean.
Adingabeei arreta
Arrisku egoeran egon daitezkeen adingabeen garapenean laguntzeko helburuarekin helduko diote kale heziketari Gizarte Zerbitzuek. "Uste dugu gero eta adingabe gehiago daudela gizarte bazterkeria arriskuan hainbat arrazoi direla eta, besteak beste, familia-desestrukturazioa, eskola-porrota, droga kontsumo goiztiarra… Horregatik, prebentzio programa baten beharra ikusi dugu gazte horiendako", jakinarazi du Karmele Uribarrik Gizarte Zerbitzuen zinegotziak eta gaineratu: "Herriko bizitzan –kultura, kirola, aisialdia…– normaltasun osoz parte har dezaten gazte horiek behar dituzten tresnak emango dizkiegu".
Nerabeei bideratutako zerbitzua da, 12 eta 18 urte artekoei; eta kasu batzuetan 19 urte arte egingo diete jarraipena. "Era berean, beharra dagoela ikusiz gero 11 urtekoak ere sar daitezke programa horretan", dio.
Talde lana oinarri
Lantaldea osatuko dute bi kale hezitzailek eta arduradun batek; azken horrek koordinatzaile lanak egingo ditu hezitzaileen eta Udaleko Prebentzio Zerbitzuaren artean. Eta astelehenetik zapatura bitartean egingo dute lan, 35 ordu astean.
Talde lanean oinarrituko dira: "Sozializatzeko eta harremanak izateko kalea topagune duten norbanakoak eta gazte taldeak antzematea izango da lehenengo lana, hain zuzen elkartzen diren toki horietara joko dute hezitzaileek zer gertatzen den ezagutzeko eta arazoei jarraipena egiteko. Arazoen artean daude, integrazio eza, eskola porrota, ikasketak goiz alboratzea, sozializatzeko prozesu ezegokiak, droga kontsumoa… Heziketa-jarraibide batzuen bitartez aldaketa sustatuko da; norberaren trebetasun pertsonalak eta sozialak indartuta esaterako, behar-beharrezkoak dira eta sozializatzeko prozesuan. Helburua da bizitza positiboaren eraikuntza prozesuan lagun egitea". Eta Udal ordezkariek argi dute zerbitzuarekin lortu gura dutena: "Programa hasi aurretik babesik gabe zeuden adingabe horien gizarteratzea".