Eusko Jaurlaritzak 2012az geroztik abian duen egitasmoa da Euskadi Lagunkoia –OMSen proiektu batean oinarritua– eta hirugarren adinekoak dira protagonista: "Gero eta gehiago izango dira hirugarren adinekoak eta gero eta osasuntsuagoak. Hortaz, zahartze aktibo bat bultzatzea da egitasmo horren helburua", jakinarazi zuen Karmele Uribarrik, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Dagoeneko 45 bat herrik egin dute bat horrekin, eta Aretxabaletak ere bai eguaztenetik. Talde eragilea sortuko dute orain, eta herriaren gaineko diagnostikoa egingo du horrek: "Egia esan ez dago horretarako beharrik ere; izan ere, Basotxok orain dela urte batzuk egindakoa hartuko da oinarri. Herri lagunkoia izateko egin beharreko aldaketak jasoko dira txosten horretan: garraioan, hirigintza kontuetan, elkarbizitzan… Eta gero Udalarekin adostuko dituzte", zioen Uribarrik. Hirugarren adinekoekin batera askotariko herritarrek osatuko dute talde eragile hori, "guztiendako herria" egiteko asmoarekin, EH Bilduk eskatu zuen lez.
Kale garbiketaren pleguak
Kale garbiketa zerbitzuaren pleguak ere onartu zituzten, baina EH Bildukoen abstentzioarekin. Azken hamar urteotan zerbitzua eman duen Serbitzu SL enpresari kontratua bukatuko zaio azaroan, eta Udal gobernuak erabaki du berriro deitzea lehiaketa. EH Bildu, horrekin konforme ez, eta eskatu zion kontratazio zuzena bultzatzeko: "130.000 euro aurreratu eta hiru langile kontratatzeko moduko planteamendua egin genuen baina aurreiritziz betetako erantzuna jaso dugu", zioen Ion Albizuk, EH Bilduko zinegotziak, eta gaineratu: "Horren aurrean pleguei hiru ekarpen egin dizkiegu: berdintasunaren alde egitea; langileen baldintzak blindatzea; eta aspektu etikoak jasotzea. Zelanbait onartu dituzte baina erabat gustura ez gara geratu". Zerbitzuaren jarraipen zorrotza egiteko ere eskatu zuen EH Bilduk; baietza erantzun zion Unai Elkoro alkateak, eta gaineratu: "Egin dituzten ekarpen horiek baldintza sozialetan sartu ditugu". Lau urtetan emango du zerbitzua kontratatutako enpresak, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin.
Altsasuko mozioaren alde
EH Bilduk, bestetik, Altsasuko auziaren gaineko mozioa aurkeztu zuen eta kezka handia agertu "kasua neurrigabekeria eta bidegabekeria onartezin batera heldu delako". Era berean, "konpromiso irmoa adierazi zuten elkarbizitzarekiko, justiziarekiko eta pertsona guztien giza eskubideen errespetuarekiko", eta Altsasun gertatutako egitateen izapideak epaitzeko eskumenak Iruñeko epaitegiena izan beharko litzatekeela adierazi zuten. EH Bildu eta jeltzaleak mozioaren alde agertu ziren eta PSE-EEko zinegotzi Miren Lorea Lana abstenitu egin zen esanaz, kasua neurrigabea dela onartuta ere mozioa "tranpa hutsa" zela: "Ez du adierazten biktima izan ziren guardia zibilekiko solidaritaterik eta ekintzekiko gaitzespenik". Halakoak aurkeztu aurretik adosteko ahalegina egiteko ere eskatu zuen.
Galderen atalean, ostera, parte-hartze ordenantzaren gainean galdetu zuen EH Bilduk, eta alkateak, iraileko osoko bilkuran aurkezteko konpromisoa hartu zuen.