Aretxabaletako andramaixetako egitaraua aurkeztu du gaur Udalak. Aurten ere ekitaldi eta ekintza ezberdin ugari batu dituzte egitarauan. Gazte Ekimeneko kideek Txosnagunean ere egitarau betea antolatu dute eta Udalaren eskaintzarekin batera ez da faltako festarako aitzakiarik.
Txupinazoa Andra Mari bezperan jaurtiko dute eta aurten UDA izango da txupinazoa bota eta pregoia irakurriko duena. Gainera, alkate txikia Xabi Antxia izango da eta alkateorde txikia Laiba Mudassar. Jaien aurrekontua, aurten, 75.805 eurokoa da, eta Unai Elkoro alkateak herritarrak parte hartzera animatu ditu prentsaurrekoan.
Txupinazoa abuztuaren 14an izan arren 13rako hainbat ekitaldi antolatu dituzte Txosnagunean. Tartean, herriko taldeen kontzertuak egongo dira. Andra Mari bezperan, goizean kanpai jotzeak emango die hasiera jaiei eta arratsaldean txupinazoarekin eztanda egingo du festak. Gauean, Efimer taldearen The Dance of Death ikuskizuna izango da plater nagusia.
Andra Mari egunean, abuztuaren 15ean, musika emanaldiak izango dira protagonista besteak beste. Arratsaldean Monstruos de la Universal taldeak kale animazioa eskainiko du, eta gauean Huntza taldearen txanda izango da.
Abuztuaren 16a haurren eguna izango da, eta txikienek ere gozatzeko tailerrak, jolasak, pailazoak eta beste ekintza asko prestatu dituzte. Gauean, profesional mailako pilota partidak egongo dira eta Yxosnagunean Krisis, The Gratix eta Joxe Replay arituko dira.
Abuztuaren 17a jaietako azken eguna izango da, eta aurten ere Kuadrillen eguna antolatu dute. Sokamuturra egongo da goizean, eta eguna ondo bukatzeko beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte Udalak eta Gazte Ekimeneko kideek.