Afektua eta harremanak herritarren begi-bistara

Mirari Altube Arrese 2017ko uzt. 14a, 14:30

Gu Haziak Gara elkarteko eta Basotxoko kideak Errekabarren kalean murala margotzen.

Gu Haziak Gara elkarteko kideak Basotxoko erretiratuekin batera murala margotzen dabiltza Errekabarren kalean. Hainbat artista eta herritar elkartu dira, nagusiak, gazteak eta umeak, eta ilusio handiarekin dihardute lanean azken asteotan.

Gu Haziak Gara elkartekoen ekimena da Errekabarren kaleko murala. Herrian egin duten bigarren lana da eta Basotxokoengana jo dute oraingoan elkarlanean jarduteko: "Iaz Ilargi plazan egindakoarekin oso gustura geratu ginen. Giro ona izan genuen eta herritarren gustuko izan zen. Horregatik animatu gara bigarrena egitera", jakinarazi du Paloma Martinez kideak. Orduan, baina, batez ere umeekin jardun zuten lanean, eta nagusi batzuk margotzeko gogoz geratu ziren. Horregatik erabaki dute erretiratuekin egitea orain: "Batetik, gogo handia dutelako, bestetik, denbora, eta gainera, herriari esateko asko dutelako", dio Martinezek.

Eskuak eta begirada 

Basotxora jo eta gaia erabakitzeko galdeketa egin zuten erretiratuen artean. Hainbat kontu atera ziren batzarretan eta guztien artean bi hautatu zituzten: "Afektua eta harremanak. Eta horiek zelan irudikatu pentsatu genuen ondoren". Marrazteko orduan hainbat artistek hartu dute parte Izaro Sanchez aretxabaletarrak eta Joana Mantzisidor grafitigile arrasatearrak besteak beste; hormako zirriborroa hain zuzen Sanchezek egin du. "Lehen irudian bi esku irudikatu ditugu, bata nagusi batena eta bestea umearena; bigarrenean, amama baten eta ume baten arteko maitasun keinua; hirugarrenean bi nagusiren arteko begirada; eta azkenekoan, aitaita bat eta iloba bat jolasean". 

Ilargi plazan, iaz, marraztutako irudi batzuk oraingoan ere errepikatuko dituzte: "Txoriak eta zirkuluak berriro margotuko ditugu, lotura mantentze aldera", jakinarazi du Sanchez marrazkilariak. 

Belaunaldi arteko elkarlana 

Basotxoko hainbat kide dabiltza parte hartzen, pozik, gainera. "Ekimen benetan interesgarria izan da. Batetik, herritarren aurrean margotzen dihardugulako, eta bestetik, taldea osatu dugulako aurretik ezagutzen ez ginenon artean. Belaunaldi askotakoak elkartu gara giro ezin hobean, eta ilusio handiarekin gabiltza lanean. Ea halako gehiago egiten diren", dio Imanol Aranzabalek. 

Basotxokoak pozik daude eta Gu Haziak elkartekoak ere bai: "Oraindik ez badugu bukatu ere, oso pozik gaude; herriko leku estrategikoan dago eta jende asko gerturatzen dabil interesa agertuz", adierazi du Martinezek. Margolana uztailarekin batera bukatzea zuten pentsatuta, baina martxa onean doa eta aurretik izango dute gertu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak