Drogen gaia landuko dute UDAko kirolari guztiek

Mirari Altube Arrese 2017ko uzt. 14a, 07:00

Aretxabaleta kirol elkarteak eta Arrasateko San Juan de Dios ospitaleak hiru urtetako hitzarmena sinatu dute "jokalarien bizitza osasuntsuaren alde" lan egiteko. Elkarteko kirolari guztiek, hezitzaileek, gurasoek eta zuzendaritzako kideek hartuko dute parte egitasmo horretan.

Atzo sinatu zuten UDAk eta San Juan de Dios ospitaleko kideek elkarrekin jarduteko hitzarmena, eta irail-urria bitartean buru-belarri helduko diote egitasmoari: "2015-2020 plan estrategikoari lau balio erantsiko dizkiogu: pertsonak, euskara, kirola eta osasuna. Hau horren barruan dago", jakinarazi du Agurtzane Elkorok, UDAko presidenteak.

Arrasaten dagoen ospitalean drogen gaia lantzen dihardutela gaztetxoekin jakin zuen UDAk, eta kontu horrekin kezkatuta haiengana jo zuten: "Herriko agente garrantzitsuenetakoa gara; izan ere, 500 kirolaritik gora ditugu, 1.000 guraso, 900 bazkide inguru… Eta argi geneukan gai honi heldu beharra geneukala". 

U@DA jarri diote izena proiektuari: Nerabezaroan Drogen Aurka Elkarturik (United Against Drugs Adolescence). Hiru urterako da eta jokalari, guraso, hezitzaile eta zuzendaritzako kideek hartuko dute parte.

Kasu errealak talde-lanerako gai 

"Datu ofizialek diote 25 adingabetik lauk buruko gaitzen ospitale batera joko dutela bizitzan zehar, eta lau horietatik bat drogen kontsumoagatik izango dela", jakinarazi du Emilio Martinek, San Juan de Dios ospitaleko psikologo klinikoak, eta gaineratu du: "Zenbat eta gaztetxo gehiagorengana iritsi, hainbat eta gutxiagok izango du arazo bat drogekin. Horregatik txalotzekoa da UDAk egingo duen ahalegina". Martinekin batera Olaia Arrese, Raul Blazquez eta Silvia Saiz daude ospitaleko lantalde horretan.

Talde-lana izango da egitasmoaren ardatza, eta talde horietan elkartuko dira kirolariak, gurasoak, hezitzaileak, zuzendaritzako kideak eta ospitaleko pazienteak. Kasu errealak aztertuko dituzte horietan. 15 eta 16 urte artekoak, gainera, begirale izateko heziko dituzte. "Gaztetxoagoekin, 12 eta 14 urte artekoekin, lan egingo dute begirale lez. 9 eta 11 urte artekoekin, ostera, era ludikoagoan landuko dugu gaia. Gure helburua da arrisku adinetara iristen direnerako kontzientzia lana egindako gero eta gazte gehiago izatea. Ildo horretatik, erabakiak hartzen ikasi behar dute", dio Martinek. Helduekin ere egingo dituzte saioak.

Beste hiru proiektu 

"Datorren denboraldian 530 bat neska-mutiko izango ditu UDAk eta lau balio horiekin hezi gura ditugu. Horretarako lau proiektu jarriko ditugu abian: lehen esandako U@DA; bigarrena da euskara bultzatzea, euskara izan dadin elkarteko hizkuntza; hirugarrena, guraso eskola; eta laugarrenik, Eskua proiektua berreskuratuko dugu", jakinarazi du Elkorok.

Futbola nagusi izan arren kirol elkartean, ezin ahaztu gainerako sailak, eta zuzendaritzako kideek horiek ere balioan jarri gura dituzte bakoitzarendako helburuak zehaztuta.  Hona hemen:

Areto futbola

• Liga Nazionalera igo berri, mailari eustea.

Gimnasia erritmikoa

• 48 kirolari dituen taldea sendotzea eta bultzatzea.

Karatea

• Orain arte legez emaitza onekin jarraitzea.

Pilota

• Gero eta pilotari gehiago dituen taldea sendotzea.

Emakumeen futbola

• Leintz Arizmendi talde berria finkatzea eta emakumeen futbola bultzatzea.

Txirrindularitza

• Irailean bigarrenez egingo den mendi bizikleta martxa indartzea.

• Emakumeen Bira antolatzea 2018an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak