50 mendien martxa egin duen Oier Etxebarriaren kontakizuna

Mirari Altube Arrese 2017ko uzt. 12a, 08:36

Oier Etxebarria, Aretxabaletako Herriko Plazan.

Oier Etxebarria aretxabaletarrak, hainbat lagunekin batera, 50 mendien martxa egin zuen joan den ekainaren 17an. Horren berri eman gura izan du orain, orduan bizitako guztiak paperean jasota. Hona hemen haren kontakizuna.

Heldu da eguna, egun argiz hasi eta egun argiz bukatzeko hainbeste aldiz bisualizatu dudan ibilbidea egiten saiatuko gara gaur. Atzo lagunekin elkartu eta anoa postuetarako eraman beharrekoak adostu genituen Express tabernan eta guztion ilusioa eta nerbio apur batzuk nabariak ziren.

Goizeko 4:30ak dira eta ahal dudan guztia jateko asmoz esnatu naizenez, horretan saiatu naiz. Txokolatez bustitako ogia, platanoa, arroz ura… ezin izan dut gehiegi jan, atzoko afariko makarroiak oraindik tokia okupatzen ari baitira. Komunetik ere pasatu naiz baina ohi baino gutxiago hustu ditut hesteak.

Tripa beteta daukadala luzaketa saio formal bat egin dut eta 5,30etan janzten eta motxila prestatzen hasi naiz; ahalik eta pisu gutxien eramatearren, aitaren GPS-a ez eramatea erabaki dut; bidea aurten zatika egin dugunez eta egunez eta eguraldi onarekin joango garenez, track barik ere moldatuko garela pentsatu dut. Poltsa urez bete eta bizkarrera eraman dut; ondo sentitzen dut baina zira gainean eraman beharrean, Asierri Landara eramateko eskatuko diot, momentuz oso giro ona dago eta.

5,45ean Murrukixoko lokaleko leihoan nago eserita, lagunen zain. Lehenengoa Asier E. etorri da eta 6etarako 5 minutu faltan Asier L. Azken hau gu ateratzen ikustera eta argazkiak ateratzera etorri da.

Seiak jotzeko minutu bat falta dela, Ander eta Eneko agertu dira, Arrasatetik korrika (presaka). Kanpai hotsak entzun aurretik argazkia atera eta kanpaiekin batera ateari jo ostean, trotean abiatu gara, Asier L. Landararte agurtuz.

Tenperatura ona dago momentuz eta hodei bajuak daude. Lausita eta erreka arteko bidetik goaz eta Isurietako bidegurutzeraino trotean goaz. Aldapa hasi bezain laster, oinez hasi gara, trotean egiteko momentu egokiagoak izango ditugunaren jakitun.

Muruko erritualak

Ibilbidea apur bat errazteko Muru aurretik Mandogain sartzea erabaki dugunez, Isurieta pasata berehala eskumara hartu behar dugula behin eta berriz gogoratzen diot nire buruari. Momentua heldu denean akordatu naiz horri esker. Dena den, askotan erabili dudan bidea ez denez, hurrengo bidegurutzean dudatxoak dauzkat. Aurretik noa, besteei bidea erakutsiz eta ziur ez direla horretaz konturatu baina nerbioak jota noa, Mandogainera bidea ondo hartu ez dugunaren beldur.

Mandogain pasata, aldapan behera berriz trotean eta berehala Naparrenara heldu gara. Tragotxo bat hartu eta oraindik ura hartu ez duenak poltsa bete du. Hortik Muru puntara (pistako tartean ezik) oinez goaz, bizi baina oinez.

Basotik ateratzerakoan ikusi dugun egunsentiak indarrez bete gaitu. Bailara laino itsaso bat da eta eguzkia indartsu dator. Badirudi Anderri ez zaiola askotan tokatu horrelako bat eta naturarekiko miresmenez beteta sentitu dugu.

Muru puntan bakoitzak bere errituala bete du: Enekok kanpaia jo du, Anderrek puntu geodesikoa ukitu du, nik gurutzea ukitu dut eta Asierrek ez dakit zer egin duen. Beherakoan, Asier atzera geratu da eta apur bat itxaron diogu; zapatilak lotzen geratu dela esan digu.

Apirileko haizeteek botatako pinudia eskubitatik zabaldu berri dagoen bidezidor batetik pasatu dugu; eskerrak Enekok bidea zekiena eta norbaitek zabaldu duena, bestela… Segituan heldu gara Untzillara eta Asentzioruntz beheko bidetik goaz; ahal denean trotean eta ezin denean oinez. Asier eta nik markatzen dugu ahal denaren eta ezin denaren muga, biok baikara osorik egiteko asmoa daukagunak.

Asentziora bide zuzenetik igotzeko aukera hobetsi dugu, batez ere motzena delako eta gainera Anderrek ezagutzen ez duelako. Aldapa oso gogorra da baina ito barik igo dugu. Asentzion gurutzea ukitu eta ur tragoa jo ostean, bagoaz aldapan behera trotean, Ganboralde azpiraino. Pinudi berria eta sasiz betetako bidezidorra hartuta bagoaz gorantz, zapatilak apur bat bustiz eta hankak apur bat igurtziz (sasiek bere lana egiten dute). Ganboraldeko buzoia ukitu eta berriz behera trotean.

Leintz Gatzagako lurretan

Durakogain ez igotzeko erabakia hartuta daukagunez, aldapa gogorrenak izan ezik, beste guztia, Jarindo azpiraino trotean egin dugu. Jarindo ere igoko ez dugunez, konturatu orduko Maroton gaude; hemen ere sasiak jaun eta jabe dira, jende gutxi ibiltzen denaren seinale. Ahalik eta azkarren

Gatzagainera doan pistara jaitsi gara eta berriz trotean Isuskizaruntz goaz. Tontor batzuetan argazkiak ateratzeaz akordatu gara eta Isuskizan atera dugu Landara heldu aurreko azkena. Landarako jaitsieran Asierri presio apur bat sartu diogu, aurrekoan okerreko bidezidor bat hartuta apur bat liatu ginen eta. Gaurkoan perfekto egin du eta Landara 9:00etan heldu gara, kalkulatutako ordutegian. Hor daude Olaia eta Asier, gure gosariarekin iturri aldamenean. Nik ahal dudan guztia edan eta jan dut eta ur poltsa urez bete dut; hesteak hustera ere joan behar izan naiz, gaur jan dudan guztiak beherantz bultzatzen du eta. Asierrek ekarri didan zira bertan uztea erabaki dut, egingo duen eguraldiarekin beharrezkoa ez dela izango garbi dago eta.

15 minutu pasata abiatu gara, lehen ginenak baino bat gehiago, Asier L. gurekin baitator. Gure arteko elkarrizketetan, Anderrek Txinara egindako bidaien nondik norakoak ezagutu ditugu; gizarajoak 48 ordutan Txinara joan etorria egin behar izan zuen behin, Txinako mugalariek atzera bota zutelako.

Beste behin Hiru Handietarako entrenatzen, Galbarrainerantz hartu beharrean, GR-ari jarraitu zion eta Marietan agertu zen… abentura ederrak bizitakoa da Ander baina zorionez betea ere bai.

Galbarrain azpian Urpaso dago, Ullibarriko pantanoaren gainean dagoen menditxoa. Puntan ez dauka buzoirik (plubiometro eder bat bai dena den) baina Mendikat-en agertzen denez, ontzat ematea erabakia daukagu. Galbarrainera bidea ote artean doa eta berriz hanketako masajetxoa hartu dugu. Bateren batek fraka luzeak faltan bota dituen arren, inor ez da negarrez hasi.

Gailurrean pista hartu eta berehala Galbarrain igo dugu eta buzoia ukitu. Troke ere berehala heldu da baina hemen ez daukagu zer ukitu, ez baitago ezer puntan; garai baten harri pilotxo bat zegoen baina orain ez dago. Usakoatxara abiatu gara eta goitik behera doan apurtutako pistan goaz, kontu handiz Asier E. eta biok. Besteak aurrera doaz.

Arkamora igoera hasi dugunean elkartu gara eta laster pagadian barrena sartu gara; hostoak zapalduz bakoitza bere bidetik. Aldapa ederra dago baina motza. Arkamoko buzoi/monolitoa ukitu eta pistara jeitsi gara, berehala bidegurutzean Miritxarako joan etorria egiteko. Ti-ta batean egin dugu hori ere.

Elgeamendi barrenean, bertara doan bidea ikusi dugu baina gu pistatik goaz, eskerrak, horrelako aldapa bat orain libratzeak lasaitu ederra ematen baitu. Pistan aurrera joanda, Urkitza aldamenetik pasatu gara; hemen ere ez dago ez mojoi ez buzoirik baina Mendikat-en agertzen denez, ontzat ematen dugu. Asier E. atzera geratzen hasita dago eta apur bat harrituta goaz, oso mutil indartsua baita. Dena den, 3 aste lehenago kriston orkatila bihurritua egin zuen orkatilan eta hori dela eta, gaizki zapaltzen doanez, korrikan gehiago ezin duela egin esan digu eta etxera doa. Pena handia hartu dut eta ardura handia ere bai nire bizkar gainean, osorik egiteko asmoa daukan bakarra geratu bainaiz. Asier behar den bezala agurtu, eskaini diguna hartu eta aurrera goaz, gu trotean eta bera gure atzetik oinez, presa barik.

Urdingainera doan bidezidorra hartzean, berriz martxa motza sartu dugu, aldapa ederra baita eta eguzkitan. Ertzainen antenak zatartzen duen menditxoa da Urdingain. Ia ezer jaitsi eta igo barik, berehala Makatzgain ere egin dugu. Leixargarateko aterpe gainean dagoen Pagobedeinkatua ere igo dugu eta aterpean inor ez dagoela ikusita, Alabitara bidean dagoen iturrian ura aurkitzeko esperantzaz aurrera goaz. Nik ezik beste hirurek poltsak urez bete dituzte eta nik ura edateko denboratxoa hartu dut, Landatik hona arte oso gutxi edan baitut. Besteek poltsak bete bitartean aurreratu egin naiz poliki eta Alabitan harrapatu naute.

Mugarriluzera igoera elkarrekin egin dugu eta hain fin ez nagoela konturatu naiz. Tripa beteta bezala daukat eta ez daukat ez jateko ez edateko gogorik. Aumategira bidean, Txikirri-Txikirri markatzen dabiltzan Asier eta bere laguna aurkitu ditugu; tea eskaini digute eta ia potea hustu diot lotsagabe. Aumategi igo eta erroten zaratarekin goaz, ipar aize galantarekin. Ander agurtu dugu, Apotzagan daukan bazkarira baitoa Txikirrikoek markatu duten bidetik.

Haizeak giroa gehiegi ez berotzen laguntzen du baina bakoitza bere pentsamenduetan joateko, zarata gehiegi da. Ni ez noa oso fin eta aldapa gora eta beherak sentitzen hasi naiz. Mirubixkar, Burgamendi, Sekillaga, Gaboño, Keixtui gain, Gainlabur igo ditugu eta ordu batak aldera errotak bukatu dira. Azken errotarekin batera, haizea ere bukatu da; errotek haizea aprobetxatzen dute edo haizea sortu??

Ur tutuari tiratzen nagoela, ura bukatu zaidala ikusi dut eta apur bat larritu naiz, oraindik gutxienez ordubete falta baita Oltzara heltzeko. Larrangoiti, Atxuintxa, Trango, Zurkurutz, Naparbasoko punta ere igo ditugu eta Eneko aurretik doa, ni ondoren eta Asier atzean, apur bat ezinean.

Urkitza ia ahaztu dugu baina Eneko eta biok, apur bat atzera eginda, igo dugu. Asierrek basoraino joan eta guri itxaroten deskantsatzeko aprobetxatu du kerizpetan. Oburura igoera elkarrekin egin dugu eta Petrinaitzera bidea oso ondo gogoratzen ez dugun arren, galbide barik gailur hori ere egin dugu.

Oltzaruntz pagaditik zuzenean hartu dugu, bide motzena eginez. Pagaditik irtetzean, iturri bat aurkitu dugu eta egarria asetu, denok ur beharrean baikoaz. Hortik Oltzara Eneko trotean joan da eta Asier eta biok oinez. 14:15etan heldu gara Oltzara, Landatik atera eta 5 ordutara (plana 14:00etan heltzea zen dena den).

Oltzan Pedro, Xabier eta Peio daude anoa postuan pago eder baten gerizpean, txabolen ondoan zain eta Rosa ere bai, gurekin jarraitzeko prest. Heldu bezain pronto bankuan eseri naiz eta motxila kenduaz bat, ahal dudan guztia jan eta edaten hasi naiz. Han gaudela Juanma heldu da korrika; Arantzazutik dator eta batek daki zein azkar igo den dagoeneko Oltzan egoteko; bere asmoa Arbelaitz ostean gurekin elkartzea zen.

Aizkorri inguruan

Ur poltsan ura sartzera noanean, ia beteta dagoela ikusi dut; nola liteke? Tutua okertuta egon da eta ura egon arren, ez zen ateratzen; nobatada itzela da hau!!! Aldatzeko daukadan arropei ez diet kasurik egin eta 14:30etan, zutitu eta Aizkorriko maldei aurre egiteko ditudan indarrak neurtzen saiatu naiz. Zelaian ez naiz konturatu baina aldapa hastean, izterretako giharreak blokeatuta dauzkadala konturatu naiz; kontuz igo behar dut kalanbreak ez izateko. Gerizpetik eta aldapa gehiegi gabe ondo noa baina aldapa dagoenean… denboran erdia egin dugu oraindik eta horrela egoteaz arduratuta nago. Rosak bere bastoiak eskaini dizkit eta ezetz esan diot (zergatik??); Asier L. ere atzean dator eta Rosak berekin joatea erabaki du. Ni aurretik noa, Eneko eta Juanmaren arteko elkarrizketaren oihartzunarekin kontzentratuta, inongo gehiegizko esfortzurik ez egitearekin kontuz.

Enekok azken aldian gatz pastilla batzuk erabiltzen ditu eta bat eskaini dit. Hartu dut eta beste bat motxilan gorde, geroago hartuko dudala pentsatuz.

Aizkorriko aterpera heltzean barrura sartu naiz baina barruan kanpoan baino bero handiagoa da. Berehala atera naiz eta denok elkartu garenean taldeko argazkia atera dugu. Asier L. eta Eneko agurtu ditugu; penarekin berriz, Asierren asmoa Atxabaltaraino joatea baita. Enekok aldiz Arrasateko danborradan egon behar du, alaba ikusteko.

Aizkorritik aurrera Rosa, Juanma eta hirurok goaz. Aitzuri (lehengo Aitzabal) ez egitea erabaki dugu, trepadatxo bat orain ez baita ideia onena. Aketegiko erpin (lehengo Aketegi), Aketegi (lehengo Aitzuri) eta Iraule erraz egin ditugu eta kontu handiz hartuta, Arbelaitzera jaitsiera behar den tokitik, eskumatik, egin dugu (eskerrak, bestela haitzarte txarrean sartuko baikinen). Arbelaitz jaitsi eta berehala Lekunberri egin dugu; zelaian goaz eta gustora, nahiz eta nekea igartzen dudan. Aizkorritxo ere egin dugu eta gero nahi barik, eskubiruntz joan gara, haitzartera. Bidea nondik doan ondo gogoratzen ez dugunez, haitzartean tartetxoa egin dugu, telefonoan bidea aurkitzen saiatu garen arren. Artzanburu ikusi dugunean, berriz zelaira bueltatu gara eta lasaitasuna hartu ere bai. Juanma eta Rosa elkarrekin doaz aurretik eta ni atzetik, nire pentsamentuetan murgilduta eta ibilbidean %200 sartuta. Artzanbururen igoera ez da makala eta jaitsiera serioa dauka. Gainera hurrengo sei mendietatik 3 bistan daude eta izugarriak direla ematen du.

Arriurdinera igoeran Juanmak bastoiak eskaini dizkit eta onartu dizkiot; ah zer desberdintasuna; erritmoa bizitzeko gai naizela sentitu dut eta ziur Rosa eta Juanmak ere igarri dutela. Oraindik ez noa oso ondo baina bastoiekin hobekuntza nabaria izan da.

Arriurdinera igotzen goazela, inguru hauetan gure zain dauden Joseba eta Mirariri deitu diegu, non dauden jakiteko; Akaitzen daudela esan digute eta poztu gara. Arriurdin ondoren Akaitzera igotzen gaudela, Urrabiatza ere egin dugu (ia pasadan) eta lagunengana heldu. Oraindik Rosa eta Juanma baino astiroago noa baina ez hain gaizki. Lagunek daukaten ur fresko dena oso gustura edan dugu; nire aurpegi eta erritmoak ez dira oso onak baina oraindik lur jota ez nagoenez, aurrera jarraitzeko asmoa agertu dut. Berriz komunera joateko beharra sentitu dut eta Mirarik eman dit papera, beherakoan eginbeharrekoak egiteko. Lagunak agurtzean Josebaren hitzek hunkitu naute, ezin izan diot negarrari eutsi eta oraindik ere momentu hura gogoratzean barruan zerbait mugitzen zait; bukatuko dudala esanez agurtu nau eta nik ez daukat horren inongo ziurtasunik baina barneko poz horrek kristoren iraulia egin dit.

Botraitz da mendilerro honetako azken mendi serioa eta ondo igo dugu. Atzetik Kurtzezar eta Gorgomendi datoz eta Kortakogainerainoko jeitsiera erritmo onean egiteko prest gaudela dirudi. Gorgomendin argazkia atera dugu eta oraindik 6ak direnez, asuntoak itxura ona daukala ematen du. 

Etxerako bidean

Jaitsiera guztia trotean egin dugu, nahiko bizi baina gehiegi eman barik, oinak eta belaunak babesteko. Luze egin zaidan arren, ordu erdian Kortakogainen gaude.

Aitak, esan nion bezala, iturri ondoan jarri du anoa postua, aulki eta guzti. Ura bapo edan eta makarroi platerkada jan dut. Gerizpetan gaude eta ura freskua da; 15 minutuko geldiunearen ostean, 6:45etan, aurrera jarraitzea erabaki dugu, geratzen zaigun tarterako 3 ordu gutxienez beharko ditugula uste baitugu.

Trotean jaitsi gara eta ondo noala uste dut. Jaturabeko zubian hasi gara oinez eta berriz ere bastoiekin gorantz hasi gara. Igoerak errespetu haundia ematen dit baina erritmo bizian goaz, ni aurretik. Aitzulo ondoko basora doan bidezidorra hartzean, erritmo bizian joateko gai naizela ikusi dut eta asko poztu naiz. Izerdi patxa ederra bota dut baina gaina hartzean, sentsazio oso onak dauzkat. Kanalaren amaierako depositoraino oinez joan gara eta han, kanala hartu dugu. Korrikan egiteko gai naizela ikusi dut eta sendo eman diot, Rosa eta Juanma atzean ditudala.

Rosak 8etarako etxean egon behar duela esan digu baina senarrarekin berba egin du eta apur bat beranduago helduko da. Ametzueta eskubitik igo eta jaitsi dugu eta zelaitik pistaraino joan gara.

Belarra oso luzea da eta kaparrak hartuko ditugunaren sentsazioaz goaz. Pistara heldu ostean, Arbe non dagoen begira goaz eta ikusi dugunean, erromara nola pasatu begira ari gara. Topatu dugu modua eta pago artean dagoen haitzean gure oinak jarri ditugu, bi mendi bakarrik falta zaizkigulako pozik.

Ugastein Rosa agurtu dugu; Urkulutik etxera joango da, etxekoak zain ditu eta. Berriz aldapan gora hastean, bizi joateko gai naizela ikusi dut eta Imanolen txabolatik gora, pistatik beharrean, gaseoduktotik hartu dugu, indartsu gaudenaren seinale. Degurixako pista aldera batera utzi eta bagoaz Kargalekuruntz, bizi-bizi eta erlojuaren menpe. Tarteka aldapa ederrak dira baina bizi goaz eta oso sentsazio onekin. Korrikan igotzeko gogoa daukat baina nire gorputzari errespetuagatik, oinez jarraitzea erabaki dut. Lepora heldu aurreko aldapa galanta da eta beldur diot baina oso ondo eta azkar igo dugu.

Elorretako haitzera igoera ere serioa da baina bastoien, buruaren eta bihotzaren laguntzaz, oso ondo igo dut, hori bai, Juanmaren atzetik. 9ak dira eta Kurtzebarrira igo eta Atxabaltara jaistea bakarrik falta zaigu. 15 minutuan Kurtzebarrin gaude eta 10ak aurretik helduko garenaren ziurtasuna daukagu. Trotean jaisteko gai naiz eta oso pozik. Burdintxoren txabola aurretik Jabier Arando ikusi dugu eta azkar agurtu ere bai, plazan 10ak aurretik egon behar garela esanez.

Geratu ere egin barik, trotean goaz, Elizabarri, atajo eta Peñakuloraino. Mendiolako elizara doan bidetik jaistea erabaki dugu, askoz politagoa eta zuzena delako. Bolinako bidera berehala heldu gara eta handik herrira ere bai, dena bidez. Bidegorrian trotean baino korrikan goaz eta pozez beteta erdiko kalera jaitsi gara. Kalean dagoen jendeak ikusi gaitu baina ezer ez dakitenez, ez digute kasu haundirik egin. Taberna Barri parean daude lagunak eta aita zain. 10ak jotzeko 5 minutu falta dira eta udaletxe zaharreko atea gogoz jo dut (hurrengo egunetako min haundienak hor izango ditut gero).

Lagun guztiak behar den bezala agurtu eta haritz azpiko aulkira joan naiz esertzera. Deskantsua bakarrik behar dut, ez janik ez edanik ere ez. Nekatuta nago oso baina zeharo pozik, ametsa bete dudalako.

Etxekoak ikusteko gogoz nago eta berandu barik, etxera joan naiz, berriz ere lagunak eta aita behar den bezala agurtu eta eskerrak eman ostean.

Mila esker benetan martxan modu batez edo bestera parte hartu duzuen guztioi: Eneko, Ander, Asier E., Asier L, Olaia, Pedro, Peio, Xabier, Rosa, Juanma, Joseba, Mirari, aita eta bereziki ametsak betetzeko direla erakutsi didan Palomari.

Oier Etxebarria Gutierrez

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak