Urtearen balantze positiboa eginda, lanean jarraitzeko prest dago UDA

Maite Txintxurreta 2017ko uzt. 7a, 21:26

Urteko batzar orokorra eta ezohiko batzarra, biak batean egin dituzte gaur Arkupen UDA Kirol Elkartekoek. Agurtzane Elkorok erreleboa hartu dio Adrian Merinori presidentetzan, eta azken honek ezarritako modeloari jarraipena emateko konpromisoa agertu du presidente berriak. Horrez gain, denboraldian zehar nabarmendu diren kirolariak omendu dituzte ekitaldian.

Kirol arloan oro har urte oparoa izan dutela nabarmendu dute. Gizonezkoen futbolean denboraldi txukuna egin du lehen taldeak Adrian Merinoren esanetan, eta alebinen urtea ere nabarmendu dute, Gipuzkoan lehenengo izan baitira. Futbolean, baina, emakumezkoen lehen taldearen igoerari jarri diote azpimarra, Euskal Ligarako txartela lortu baitute aurten.

Areto futbolean ere 3. mailara igo da UDA. GimnaSia erritmikoan ere urte ona izan omen da, eta lehenengoz Aretxabaletan txapelketa bat antolatu izan nabarmendu dute. Karatean, zer esanik ez, "urte oso aktiboa" izan baita, eta "podium ugari" lortu dituzte maila eta modalitate desberdinetan. Pilota eskola ere osasuntsu dagoela nabarmendu dute, 53 neska-mutikok baitiardute bertan gaur egun. Gainera, aurtengo lorpenen artean, Ibai Lasagabesterrek eta Haritz Zugastik osatutako bikoteak Udaberri txapelketa irabazi du. Bukatzeko, txirrindularitzan aurten ere hainbat proba antolatu izana nabarmendu dute, essaterako, joan den asteko Leintz Gatzagako igoera, Dorletako Ama taldearekin batera antolatua.

Horrez gain, 70. urteurrenaren harira hainbat ekimen jarri dituzte martxan, ereserki berria edota horren bideoklipa egitea, esaterako.

Arlo ekonomikoari dagonkionean, 12.000 euro pasatxorekin bukatu du urtea UDAK, eta datorren urtera begira 258.394 euroko aurrekontua izango dute. Bazkideen kuotak mantendu egingo dituzte.

Elkorok hartu du lekukoa

Gaurko batzarrean Adrian Merinok presidente kargua utzi du, eta Agurtzane Elkorori pasatu dio lekukoa, aurkeztutako hautagaitza bakarrari. Dena den, Merinok zuzendaritza taldean jarraituko du aurrerantzean ere.

Azken lau urteotan presidente izandakoak esker on hitzak izan ditu bazkide, kirolari zein zaletu guztientzat, eta UDA "esku onenetan" lagatzen duela esan du. Bere lana eskertzeko, zuzendaritza batzordeko kideek markoztatutako UDAko kamiseta bat oparitu diote.

Bestalde, gaurkoan urte luzetan zuzendaritzan ibili diren eta orain karguok utziko dituzten hiru pertsonari eskerrak eman nahi izan dizkiete; hain zuzen, Angel Mari Etxaberi, Adolfo Martini eta Angel Zubillagari.

Agurtzane Elkorok, bere aldetik, Adrian Merinoren lana goraipatu du, UDAk izan duen presidenterik onenetarikoa "edo onena" izan dela esanez. Hala, berak jarritako bidetik lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du presidente berriak.

Aurrera begira

Agurtzane Elkorok nabarmendu duenez, lau izango dira datozen urteotan UDAren jardunbidea gidatuko duten balore nagusiak: "Kirola, euskara, osasuna eta pertsonak".

Aurreratu dituzten proiektu zehatzen gainean, esate baterako, Xake talde integratu nahi dute elkartean. Bestalde, udazken edo negu partean Durana kaleko lokala inauguratuko dutela azaldu dute, klubaren egoitza soziala izango dena.

Horrez gain, erronken edo egiteko nagusien artean kokatu du Elkorok emakumezkoen kirol praktika bultzatzea, eta UDAn federatutako neska eta emakumeen kopurua handitzea izango dute xede, azaldu duenez. Horrekin lotuta, gogorarazi du UDAk Arizmendirekin eta Mondrarekin egindako hitzarmena, datorren denboraldira begira Leintz Arizmendi emakumezkoen futbol taldea martxan jartzeko.

Batzarrean UDAko zuzendaritzako kideek zazpiko futbolerako zelai berri baten beharra nabarmendu gura izan dute. Edozein neska mutikori futbolean aritzeko aukera ematea helburu duen Parte hartu proiektuari jarraipena emateko ezinbestekotzat jo dute instalazio hori. Hala, eskaera hori luzatu gura izan diote Udalari.

Kirolariei omenaldia

Batzarraren bukaeran, aurtengo denboraldian kirol eta kategoria desberdinetan bereziki nabarmendu diren UDAko kirolariei aitortza egin diete, oroigarri bana emanaz. Honakoak izan dira saria jaso dutenak: Lierni Irusta (Gimnasia erritmikoa), Eneko Calvo (Karate), Ibai Lasagabaster (Pilota), Oier Urrutia (Areto futbola), Iraitz Zabala (Futbola, kadete neskak), Iker Madinabeitia (Futbola, Infantil Parte Hartu 2), Markel Arana (Futbola, Infantil txiki), Jokin Larrinaga (Futbola, Infantil Parte Hartu 1), Xabi Garcia (Futbola, Ohorezko infantila), Endika De Tena (Futbola, Lehen kadetea), Unai Cebrino (Futbola, Ohorezko kadetea), Dani Martins (Futbola, Gazteen lehen taldea), Iago Zuazua (Futbola, Ohorezko jubenila), Ane Vicente (Futbola, Erregional neskak), Ibon Perez de Labeaga (Futbola, Erregional mutilak), Julen Eraña (Futbola, Ohorezko erregional).

Kirolari horiez gain, partiduz partidu eta urtez urte harmailetan egon izan den Ana Mari Aretxagari ere eman diote saria, bere fideltasuna eskertuaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak