Gaur goizean aurkeztu dute Aretxabaletako Kultura zinegotzia Jose Migel Uribarrenek eta Kultura Teknikaria Ima Migelek uztaileko kultura egitaraua. "Kale antzerkia bultzatzeko asmoz lau antzerki, Goazeneko ikuskizuna, pintura klaseetan eginiko lanen erakusketa eta abarrekoak eskainiko zaie herritarrei" esan du, Migelek.
Egitarau osoa azaldu ostean honako hau azpimarratu du Kultura zinegotziak: "Pintxo pote egunak aprobetxatu nahi ditugu performance antzeko bat eskaintzeko. Horren helburua da, jendea herria garbi mantendu behar duela kontzientziatzea. Izan ere, pintxo pote egunetan jendeak basoak, plastikoak eta abarrekoak uzten baititu kaletan botata". Horretarako, Txaro Gallegok performance-a eskainiko du herrian zehar gaur arratsaldean, eta baita uztailaren 12 zein 19an, pintxo pote egunetan, hain zuzen ere.
Horrez gainera porra baten berri eman nahi izan du Uribarrenek: "Joan den hilabete hasieran porra bat jarri genuen martxan. Udaletxeko lorategian dagoen zedroaren altuera eta adina asmatu beharko dira eta porrarekin biltzen den dirua Saharako eskoletarako materiala erosteko erabiliko dugu. Gure helburua 1.000 euro inguru lortzea da". Tiketak Arkupen, Kioskoan, Orly tabernan eta Belar Meta dendan eskura daitezke.
Azkenik, ekintza ezberdinak antolatzen dituzten herritarrei eskerrak eman die udalak. "Uztaileko egitarauan, herritarrek martxan jarri dituzten hainbat ekintza ere izango dira, asteburu honetan izango den 3X3 txapelketa esaterako. Eta, bertan biltzen den dirua bertako mutiko baten alde egiteko izango da. Hori egitea posible bilakatu da Gorka Larzia eta plazako hainbat tabernei esker", adierazi du zinegotziak.
Uztaileko kultur egitarauan barne daudenak hauek dira:
Kale antzerkia
Trapu zaharra: Se finy (uztailak 5, 19:00, Durana kalean)
Telon rojo: Haiek naiz (uztailak 12, 19:00, Mitarten)
Zirika zirkuz: Ondorengoak- Prim@as (uztailak 19, 19:00, Konbentuko jardinean)
Panta Rhei: Astokilo (uztailak 26, 19:00, Herriko plazan)
Ikastaroak
Arte eta sinbologia Ainhoa Caberoren eskutik (uztailak 5, 12 eta 19, Arkupen. Goizeko 11:00etatik-12:30etara)
Patroigintza eta moda diseinuan Katalin Antxiaren eskutik (10:30-12:30 hastapena/ 16:30-18:30 hobekuntza)
Haurrentzako ikuskizuna
Txan: 'Txinbili txanbala' (uztailak 6, 19:00, Konbentuko jardinean)
Kixka taldea: 'Bikote bihurria' (uztailak 20, 19:00, Konbentuko jardinean)
Erakusketa
Pintura ikastaroko lanak (uztailaren 4tik 29ra Arkupe kultur etxean. 11:00-13:00/18:00-20:00. Zapatu domeka eta jai egunetan itxita)
Beste batzuk
Kotxe telegidatuen erakustaldia (uztailak 2, 11:30 / 18:00, Herriko plazan)
Goazen (uztailak 15, 19:30, Herriko plazan)