Ia 350 neska-mutikok jardungo dute herriko udalekuetan

Mirari Altube Arrese 2017ko eka. 30a, 15:00

Taldeak osatzen neska-mutikoak iaz, udaleku irekien lehenengo egunean.

Astelehenean hasi eta hilaren 21a bitartean udaleku irekietan jardungo dute 326 umek; beste hamazortzik ostera, kirol udalekuak hautatu dituzte. Euskara eta kirola eta bat eginik umeen beharrei erantzungo dien aisialdia eskaini gura dute.

Uztaileko lehen astelehenarekin batera zabalduko dituzte udalekuetako ateak –udaleku irekiak eta kirol udalekuak– eta hilaren 21a bitartean ekintza mordoa eskainiko dizkiete opor egunotan ez daitezen aspertu.

Ospakizunak eta irteerak

Udaleku irekiak ohiko eskaintzarekin datoz, beti ere nobedaderen bat edo beste gaineratuta. 3 eta 12 urte arteko 326 neska-mutiko elkartuko dira, adinaren araberako taldeetan banatuta, 35 begiraleren gidaritzapean eta bi koordinatzailek zuzenduta. Loramendiko aisialdi taldeak du horren ardura aurten ere, eta argi zehaztuta dute helburu orokorra: "Euskarazko zerbitzu ludiko batetik abiatuta, haurren eskubide eta beharrei erantzungo dien aisialdi egitasmoa gauzatzea".

Urtero lez irteerak eta ekintza bereziak izango dira protagonista, horiek dira eta umeen gustukoenak. Hor nabarmendu gura izan dute udalekuen hasiera ekitaldia lehenengo egunean. Bestetik, klasiko bat berreskuratuko dute: San Fermin Eguna. "Berritasun garrantzitsuena hain zuzen horixe da, San Fermin Eguna berriro ospatzea. Iaz ez zen egin eta haurrek, gurasoek zein begiraleek eskatu digute". Uztailaren 7an, egubakoitza, egingo dute hori. Azken eguneko jaialdia ere oso gustuko ospakizuna izan ohi da, eta aurten ere mimo handiarekin gertatuko dute.

Horiekin batera irteerarik ez da faltako; auzoetara, igerilekura eta hondartzara joango direla iragarri dute, baita kanpaldi bat egin ere.

Kirol udalekuetan 18 gaztetxo

Ibarra kiroldegiak, ostera, kirol udalekuak eskaini ditu eta 11 eta 14 urte arteko 18 gaztetxok eman dute izena. Astelehenetik eguenera bitartean goiz eta arratsalde elkartuko dira kiroldegian bertan, eta egubakoitzean goizez jardungo dute bakarrik, bi begiralek lagun eginda: Julen Ulecia eta Iñaki Ugarte. "Igerilekura joango dira, dantzan egingo dute, irristaketan eta esku-pilotan jardun, akrosport egin, bizikleta irteera bat egiteko asmoa ere badugu, baita Larrino eta Apotzaga auzoetara ibilalditxoa egin ere, eta antzerkia eta ginkana jolasa ere ekintzen artean ditugu", jakinarazi du Iñigo Murgiondok, kiroldegiko Athloneko arduradunak. Dena den, egitaraua moldatzen joango direla adierazi du beharren arabera. Eta kirol udalekuetako gaztetxoek ere azken jaia izango dute hilaren 21ean, ordura arte egindako guztia borobiltzeko eta elkar agurtzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak