Uztailarekin batera antzezlanak kaleetan

Mirari Altube Arrese 2017ko eka. 30a, 13:33
Trapu Zaharreko kide bi Se finy antzezlanaren unetako batean.

Aretxabaletarrek ondo baino hobeto ezagutzen duten Trapu Zaharrak jarriko du abian Se finy lanarekin antzerkiari eskainitako hilabetea. Lau eguaztenetan estilo erabat ezberdinetako ikuskizunak izango dira herriko lau txokotan.

Uztaila antzerkiari eskaini izan dio Kultura Sailak urte askoan, eta aurten ere horren aldeko apustua egin du: "Zortzi bat urte behintzat badira horretan dihardugula, eta aurten ere kale antzerkia bultzatzen jarraituko dugu", jakinarazi dute Kultura Saileko ordezkariek. Hala, punta-puntako antzerki taldeek herriko kale eta bazterrak girotuko dituzte uztaileko eguaztenetan, 19:00etan.

Askotariko estiloak

Herritarrek ondo baino hobeto ezagutzen duten Trapu Zaharra taldeak jarriko du abian hilabetea datorren eguaztenean. Se finy ikuskizunarekin dator oraingoan, eta antzerki talde zahar bateko bi aktoreren gainbehera kontatuko du; egoera ekonomiko latzaren ondorioz daukaten material guztia saldu beharko dute eta ibilbide artistikoa errepasatzearekin batera azken lana aurkeztuko dute.

Uztailaren 12an, ostera, hiru emakumeren bidaia emozional dibertigarria eskainiko du Telon Rojo taldeak Haiek naiz ikuskizunarekin. Aireko eta lurreko akrobaziak izango dira protagonista hainbat elementuk lagun eginda: trapezioa, oihalak…

Zirika Zirkus taldeak, ostera, zirkuko jokoak, musika eta umorea ekarriko ditu hilaren 19an, Ondorengoak lanean. Eta Panta Rhei taldea asto-esnea saltzera etorriko da hilaren 26an Astokillo lanarekin.

Egitaraua osorik

Eguaztenetan herriko hainbat gunetan izango diren antzezlanak (19:00).

Uztailak 5
• Trapu zaharra Se finy antzezlana, Durana kalean.

Uztailak 12
• Telon rojo Haiek naiz antzezlana, Mitarte kalean.

Uztailak 19
• Zirika Zirkus Ondorengoak antzezlana, Santa Rita lorategian.

Uztailak 26
• Panta Rhei Astokillo antzezlana, Herriko Plazan.

Umeendako ikuskizun bi

Umeek ere izango dituzte ikuskizunak Santa Ritako lorategian (19:00). Txan magoak Txinbili, txanbala saioa eskainiko die eguaztenean, hilaren 6an; umoreak eta haren filosofia bereziak bat egingo dute magiarekin.

Eta uztailaren 20an, eguena, Bikote bihurria ipuina kontatuko die Kixka taldeak 3 urtetik gorako umeei txotxongiloen laguntzarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak