Markel Uriartek lortu du!

Miren Arregi Amasorrain 2017ko eka. 25a, 14:36

Atzo zuen Markel Uriartek urteko erronka: Everesting Wheelie Challenge-a gurpil bakarraren gainean egitea. Goizeko lauretan hasi zuen Etxauriko portuan erronka eta gaueko hamaikak inguruan lortu zuen 8.848 metrotako desnibela gainditzea. Nekeak jota bukatu zuen Uriartek balentria, baina oso pozik. "Momentu batzuetan ezinezkoa" zela ere pentsatu izan duela onartu badu ere, lan asko egin ondoren, lortu du erronka gainditzea.

19 ordutan lortu du Everest mendiak duen desnibela (8.848 metro), bizikletan eta gurpil bakarraren gainean gainditzea. Horretarako 285 kilometro egin behar izan ditu, horietatik 142 kilometro aldapa gora. 6,8 kilometroko portua 21 bider igo du. Etxaurin –Iruñea ondoan– egin du Aretxabaletakoak Everesting Wheelie Challenge-a eta behin erronka osatuta, eskerrak eman gura izan dizkie balentria posible egiten lagundu dioten guztiei.

Desnibela 21 ordutan gainditzea zen asmoa baina azkenean 19an egitea lortu du. "Egun guztian ibili zen haizea baina ez genuen kontra izan. Esango nuke kontrakoa, lagundu ere egin zigula eta horregatik egin genuen uste baino azkarrago", dio Uriartek.

Esan moduan 21 igoera egin zituen Etxauriko portuan gora. "Lehenengo hamaika igoerak ondo egin nituen, baina bazkal osteko biak, hamabigarrena eta hamahirugarrena, gogorrak izan ziren", gaineratu du.

Aurretik inoiz egin barik

Urtarrilean hasi zen Uriarte Everesting Wheelie Challenge-erako entrenatzen eta duela bi aste, 6.000 metroko desnibela gainditu zuen gurpil bakarraren gainean: "Horrenbeste baina, 8.848 metro, atzora arte, ez", dio Aretxabaletakoak.

Hamar bat lagun izan zituen lagun atzo Uriartek eta beste asko eta asko joan ziren animoak ematera. Jon Dorronsorok Everesting Wheelie Challenge-a egin zuen Uriarterekin batera, hori bai, hark bi gurpilen gainean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak