Atlasko zedroa da udaletxeko lorategian dagoena, aretxabaletar askorendako esanguratsua, bai duen tamainagatik, bai betidanik ezagutu izanagatik. Horregatik hain zuzen katalogatzea erabaki du Udalak.
Katalogatze lana dagoeneko eginda dago. Adinaren neurketa martxoan egin zuen Irungo Arkeolan enpresak, mostra batzuk hartuta zuhaitzari.
Garaieran neurketa, ostera, herritar bik egin dute: Hirigintza Saileko Jose Mari Segovia teknikariak eta Jesus Osinagak, hain zuzen ere. Angeluak neurtu eta trigonometria erabili dute horretarako. Eta oso garrantzitsua den beste datu bat ere jaso dute lan hau egin ostean: osasuntsu dagoela zuhaitza.
Herritarren artean apustua
Horren guztiaren berri herritarren artean zabaltzeko antolatu dute orain Zedroaren porra izeneko apustua, eta solidaritate ukitua eman gura izan diote. Izan ere, jasotako dirua Saharako eskoletarako materiala erosteko erabiliko dute.
Arkupeko harreran edo tabernatan jarriko dituzte apustu egiteko kaxak, eta uztailaren 15a izango da horretarako azken eguna. Irabazleak, hau da, gehien hurbiltzen denak adinera eta garaierara baina pasatu gabe, 100 euroko bonua jasoko du Aretxarte mertakarien elkarteko dendatan erabiltzeko. Adin txikikoek debalde parte hartu ahal izango dute, eta horiek irailean egingo den Magia Asterako bonua jasoko dute saritzat. Parte hartzaile guztien artean, gainera, bertako produktuen otzara zozketatuko dute.