Udalbatza osatu zenetik bi urte pasatu direnean Udal gobernuak agintaldi erdiaren balorazioa egin du: "Oso positiboa izan da, bai Udalarentzat, baita guretzat pertsonalki ere, esperientzia benetan aberasgarria izaten dabilelako", jakinarazi dute eta gaineratu: "Gehienok Udal kudeaketan esperientzia gabeak ginen eta azken bi urteotan dezente ikasteaz gain lanean aritu gara ilusio handiarekin".
Gertutasuna eta gardentasuna
Bi aspektu nabarmendu gura izan dituzte: batetik, Udala herritarrengana gerturatzea. "Gobernatze eredu berri bat eskaini genuen kanpainan eta bete dugulakoan gaude", eta gaineratu dute herritar mordoa gerturatu zaiela kezkak, iradokizunak eta eskaerak agertzeko: "Herriaren eta herritarren behar eta kezkei erantzuteko ezinbesteko jotzen dugu jarrera ireki eta negoziatzailea". Eta horrela jokatu ezean ezinezkoak izango liratekeela hainbat proiektu aipatu dute, besteak beste, tanatorioa tokiz aldatzeko akordioa "auzokideen lasaitasunerako"; Coprecirekin lortutako hitzarmena "Aretxabaletan bertan hazi ahal izateko"; eta Agustindarrekin adostutako akordioa komentua erosteko.
Nabarmendu duten bigarren aspektua da gardentasuna, "bultzada galanta" eman diotela diote: "Alderdi guztiak Gobernu batzordean izaten direnez ez da inongo pisuzko erabakirik hartzen guztiak jakinean izan gabe. Horrek ez du esan nahi erabaki guztietan ados gaudenik, baina ez dago ezkutuko jokorik".
Kiroldegia bideratuta
Ekintza zehatzei dagokienez hiru azpimarratu gura izan ditu Udal gobernuak. Bata, kultura arloan egindako "ahalegina": "Bai kultur ekitaldiak, bai aisialdi ekintzak kalera ateratzeko ahalegina egin da ahal den heinean. Jendearengana hurbiltze hau erantzun bikaina jasotzen dabil, hortaz, bide horretatik jarraituko dugu".
Bestetik, Ongizate arloaren barruan abian jarriko duten kale hezitzaileen proiektua aipatu dute: "Apustu handia da, bai ekonomikoki, bai lan aldetik; baina ilusio handiarekin hasi dugu, gazteen artean eragin positiboa izango duelakoan".
Eta hirugarrenik, kiroldegiaren kudeaketa nabarmendu dute: "Aurreko agintaldian denen ahotan zebilen gaia. Gaur egun gaia bideraturik dago, erabiltzaile kopurua nabarmen igo da eta ekonomikoki erabat bideragarria da". Eta horretarako egindako lana goraipatu dute.
Balorazioa eginda aurrera begira jarri dira, "hobetzen" jarraitzeko: "Gauza asko dauzkagu hobetzeko, hala nola, herritarrei erantzun azkarragoa ematea, arreta ordutegi zabalagoa ematea, administrazioan eraginkortasuna hobetzea eta agintaldian gauzatu ezin diren proiektuak etorkizunerako bideratzea".