Aretxabaletako txistulari taldeak ez du bakarrik jardungo, beste bi txistulari talde izango ditu lagun: Abetxuko auzokoa (Gasteiz) eta Durangokoa; eta bi abesbatzarekin osatuko dute taldea, Langraizko Santorcariz eta Abetxukoko Vicente Garcia abesbatzekin, hain zuzen ere.
Kontzertu horren sustatzailea izan da Jose Luis Cantabrana, Leizarra musika eskolako txistu irakaslea: "Talde bakoitzak hamar minutu izango ditu bakarka jotzeko; hortaz, txistulariok hiru bat kantu joko ditugu: batetik, Erdi Aroko piezatxo bat, neuk moldatutakoa; eta bestetik, sarri jo izan ditugun bi kanta ezagun: Mendiko soinuak eta Pello Joxepe. Eta abesbatzekin batera jotzeko beste hiru pieza gertatu ditugu: Maitia nun zira, Agur jaunak berezi bat txisturako eta abesbatzarako moldatu dudana, eta, bukatzeko, Isidro Ansorenaren Mendi aldera".
Lanean buru-belarri
Buru-belarri dabiltza entseguetan azken asteotan; azkenekoa astelehenean egin zuten, Aretxabaletan, eta hurrengoa, entsegu nagusia, bihar izango da, kontzertu aurretik. "Oso gustura gabiltza. Egia da pieza berriak gertatu beharrak lan handia daukala atzean: etxeko entseguak, Gasteiz aldera joan-etorriak elkarrekin jarduteko… Baina gustura egiten diren lanak dira", jakinarazi du Antzine Mendia txistulariak. Hain zuzen, Demetrio Iriarteren urteurrenaren harira hasi ziren halako elkarlanetan, eta ordutik dute harremana Gasteiz aldekoekin.