'7x7 kultura kalean' ekimena antolatu dute laugarrenez familia giroan gozatzeko

Mirari Altube Arrese 2017ko eka. 1a, 14:26

Kultur ekitaldiak herritarrengana gerturatzeko asmoarekin antolatu du Kultura Sailak. Ekainean izango da eta familiei begira egindako eskaintzarekin osatu dute egitaraua; herriko taldeen eta kanpokoen emanaldiak uztartuko dituzte. Ekitaldiok eguaztenetan eta egubakoitzetan dira (19:00), bihar hasita.

Leizarra musika eskolako bandak emango dio hasiera ekimenari gaur, ekainak 2, Santa Ritako lorategian. Ordu eta erdi inguru iraungo duen kontzertuan hainbat eratako abestiak eskainiko dituzte. Ez da izango herriko musikariek egingo duten kontzertu bakarra. Hurrengo egubakoitzean, hilaren 9an, konbo taldeek eta gitarra-joleek hartuko dute lekukoa: "Dagoeneko maila polita duten herriko musikariak izango dira jende aurrean jardungo dutenak", jakinarazi dute Kultura Saileko ordezkariek.

Txotxongiloak, pailazoak eta dantzak

Zirku jokoetan aditua den Xabi Larrea Mr. Frack ikuskizunarekin etorriko da martitzenean, ekainaren 7an. Malabarrak, umorea eta inprobisazioa uztartuta jendearen parte-hartzea eskatuko du ikuskizun dibertigarria eskaintzeko, Iralabarri plazan.

Txotxongiloek ere izango dute lekua beste behin. Hilaren 14an, Karolino eta printzesaren bahiketa eskainiko du eskarmentu handia duen Bihar talde bizkaitarrak. Ekainaren 28an, ostera, Gorka Olazabal ipuin kontalaria etorriko da Santa Ritako lorategira panpina mordoak lagun eginda eta Itsasoan ikuskizuna izango dute 3 urtetik gorako umeek.

Pailazoek ere ez dute hutsik egingo eta Korri eta Xalto ezagunek Show berria prestatzen eskainiko diete neska-mutikoei; horien laguntzarekin, gainera, kantuan eta dantzan jardungo dute ordubetez. Eta azkenik Dantza kasting emanaldia izango dute gaztetxoek hilaren 21ean;  antzerkiak, musikak eta umoreak bat eginda jai giroa sortuko dute Mitarte kalean.

Egitaraua osorik

Ekitaldi guztiak 19:00etan dira.

Ekainak 2
• Bandaren emanaldia; Santa Ritako lorategian.

Ekainak 7
• Xabi Larrea: Mr Frack; Iralabarri plazan.

Ekainak 9
• Konbo eta gitarra emanaldia; Herriko Plazan.

Ekainak 14
• Txotxongiloak Bihar taldearekin; Santa Kurtzeko plazan.

Ekainak 16
• Korri eta Xalto pailazoak; Gipuzkoa plazan.

Ekainak 21
• Dantzaldia haurrentzat; Mitarte kalean.

Ekainak 28
• Gorka ipuin kontalaria; Santa Ritako lorategian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak