Ikuskizuna nagusi eguerdiko pilota partiduetan

Maite Txintxurreta 2017ko mai. 27a, 15:16

UDAk antolatutako Kirolez Busti egitarauaren baitan, esku pilotako eta palako partidu bana izan dira Iturrigorri pilotalekuan. Lehendabizikoan Ainhoa Garmendia eta Maider Mendizabal izan dira garaile, eta palan, berriz, Olatz Arrizabalaga eta Laura Saez, 24-25 bukatu den partiduan.

Iturrigorri frontoian pilotazaleek hitzordua izan dute gaur eguerdian, goi mailako emakumezkoen arteko bi norgehiagoka izan batira.

Lehenengoan, Nagore Arozena-Miriam Arrilaga bikotea Ainhoa Garmendia eta Maider Mendizabalen kontra aritu dira. Bada, partidua hasieran orekatu samar hasi bada ere, Garmendiak eta Mendizabalek segituan hartu dute aurrea markagailuan, eta behin abantaila hartuta, 22ra arte aurretik mantendu dira. Hala, partidua ez da orekatuegia izan, baina hala ere tanto politak egin dituzte gorriek zein urdinek.

Gaurko bigarren partidua, pala modalitatekoa, ezustearekin hasi da. Izan ere, jokatzekoa zen Nagore Martin ezin izan da Aretxabaletaraino denboraz iritsi, Gasteiztik zetorrela autobidean istripu bat izan delako eta bidea itxi behar izan dutelako. Hortaz, azkenengo momentuan esku pilotako partiduaren ostean dagoeneko dutxatuta eta aldatuta zegoen Maider Mendizabalek jokatu du bere ordez. Hortaz, Maider Mendizabal-Garazi Eizmendi eta Olatz Arrizabalaga-Laura Saez izan dira bikote protagonistak.

Horrez gain, hasi eta gutxira, lehenengo tantoetan, Olatz Arrizabalagak min hartu du izterrean, eta horrek eragina izan du partiduan. Hala ere, Arrizabalaga ez da erretiratu, eta frontoian jarraitu du, nahiz eta atzelariak eraman behar izan duen partiduaren pisu gehiena.

Dena den, ezusteko horiek ez dute ikuskizuna galarazi. Izan ere, Saez primeran aritu da atzeko koadroetan, eta Mendizabal-Eizmendi bikotea ere ez da gutxiago izan. Benetan partidu parekatua izan da, eta emozioa bukaerara arte mantendu dute pilotariek, ikusleen txalo artean tanto ederrak eginez. Hala, markagailuan 24-24 zoazela, Saezek egin du partidua erabaki duen azken tantoa.

Antolatzaileak, pozik

Kirolez Busti ekimena izaten ari den erantzunaz galdetuta, UDAko antolatzaileak pozik azaldu dira, eta balorazio positiboa egin dute. Esaterako, nabarmendu dute eguenean izandako Bertsolinpiadan ehun ikusletik gora izan zirela, eta saioa bera "luxu bat" izan zela diote. Martin Berrizbeitiak, herriko ordezkariak egin zuen saio txukuna azpimarratu gura izan dute.

Bestalde, atzoko eta gaur goizeko ekintzetan ere parte hartze zabala izan dela azaldu dute. Atzo bizikleta eta patineteen esprintak egin zituzten, baita gimnasia erritmiko erakustaldia eta xake txapelketa ere. Gaur goizean, berriz, herriko pilotarien partiduak, Doke txapelketa Basotxon eta Judo jaialdia izan dira. 

Gaur arratsaldean, berriz, eskalatzaileek Boulderra egingo dute herriko kaleetan (17:00), eta ondoren, 18:30ean hasita, Hiruko saskibaloia Arlutzeko kantxan.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak