Maiatzeko azken domekarekin batera dator Haur Dantzarien Eguna beste behin, Leizarra musika eskolak antolatuta. Eskualdeko dantzari asko, 200 inguru, elkartuko dira Aretxabaletako bazterrak euskal dantzekin girotzeko.
Kaleko dantzak eta alardea
Arrasateko Lore Gazteak eta Txikitxu taldeak, Oñatiko Oñatz, Antzuolako Oin Arin eta Soraluzeko Urrats elkartuko dira Herriko Plazan Leizarra dantza taldeko kideekin, 10:30ak inguruan. Hain zuzen etxekoena izango da talderik handiena, 55 dantzarirekin. "Ume eta gaztetxo guztiak elkartuko direlako", jakinarazi dute musika eskolako arduradunek. Mokadutxoa eskainiko diete orduan, eta ondoren, 11:30ean, kalejirari ekingo diete. Herriko hainbat gunetan banatuko dira taldeak eta han egingo dituzte erakustaldiak txistularien laguntzarekin. 13:30erako plazara itzuliko dira, bazkaltzera joateko.
Arratsaldean alardearen txanda izango da; 17:00etan, egingo dute Herriko Plazan. Gaitariak izango dituzte lagun orduan.
Hainbat elkarteren laguntza jasoko dute aurten ere: Muru Alde, Ibai Gain, Eguzki Alde, Uratz Alde eta batzokia –Urbaltzen obretan daude–. "Eskerrak eman gura dizkiegu guztiei urtero laguntzen digutelako".