Euspot 2017 lehiaketak markak hautsi ditu

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko mai. 12a, 06:30

'Aniztasunak gu egiten gaitu' spotak jaso du aurtengo sari nagusia.

Unai Portillak egindako lanak eskuratu du aurtengo sari nagusia, Gipuzkoako Foru Aldundiak Aretxabaletako Udalarekin, Mondragon Unibertsitatearekin, Arizmendi Ikastolarekin eta Arteman enpresarekin batera antolatutako spoten sariketan.

Atzo, eguena, banatu zituzten seigarren Euspot lehiaketako sariak. Arkupe kultura etxeko Zaraia aretoan egin zuten Iker Galartza eta Aitziber Garmendia aktoreek gidatutako ekitaldia.

Aukeraketa zaila, oraingoan  

Aniztasunak aberasten gaitu gaiari buruz egindako euskarazko 51 iragarki jaso dituzte. "Gai zabala da, baina ez genuen mugatu gura; oso lan ezberdinak jaso ditugu; goi mailako lanak ere, asko", diote antolatzaileek.

Trebiñuko Unai Portillaren Aniztasunak gu egiten gaitu lanarentzako izan ziren sari nagusiko 1.000 euroak. "Kalitate tekniko onena du spot horrek, publikoa erakartzeko ikaragarrizko ahalmenarekin"; hori izan zen epaileek emandako argudioa. MUko ikasleen saria (500 euro) eskuratu zuen Nora Lataturen eta Danel Goikoetxearen Aniztasunak milaka aurpegi spotaren gainean, berriz, zera esan zuten: "Duen seduzitzeko gaitasuna izan da baloratu dena, baita mezuaren egokitasuna ere". Hain justu, publikoaren sariaren zati bat ere bereganatu zuen lan horrek. "2.800 bototik gora jaso ditugu sari honetarako; eta 280 botorekin berdinketa egon da aipatutako lanaren eta Aniztasuna helburu spotaren artean, saria bien artean banatu dugu", azaldu dute.

14 eta 18 urte bitartekoendako da BHKlip saria (250); 31 spot jaso dituzte, aurreko edizioetako kopuruaren bikoitza. Honako honetan, "mezuaren egokitasuna eta taldeari egokitzapena" baloratu dute. Guztiok desberdinak gara eta horrek egiten gaitu aberats eta berezi, horixe lanaren izenburua. Egileak, berriz, honako hauek: Eider Calleja, Eider Magunazelaia, Alazne Zubillaga eta Miren Altuna. Aurten, baina, beste sari bat eman dute: lehiaketako laguntzaile den Music library enpresak emandako 300 euro, euren musika artxiboak erabili dituztenendako. Ezberdintasunak batzen gaitu, zaitu lanarekin irabazi dute Iker eta Aritz Plazaolak.

Euskal Herri osoan hedatu da

Antolatzaileen esanetan, orain arteko ediziorik oparoena izan da kantitateari, kalitateari eta sarean izan duen hedapenari begiratuta. "Sare sozialetako  jarraitzaile kopurua bikoiztu egin dugu. Horien artean sari bat banatu dugu: Polaroid Snap kamera bat, eta Isaura Rodrigezek irabazi du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak