Bihar Lasarten (17:30) Arizmendi UDAko neskek Ostadarren aurrean lidergoa defendatzen badute mailaz igotzeko txartela eskuratuko dute: "Kategoriaz igotzearena aurrerago ikusiko dugu, orain garrantzitsuena biharko partidua irabaztea da, jokalariek urte osoan lan galanta egin dutelako, eta sari hori merezi dutelako", dio taldeko entrenatzaile Titu-k.
Jokalari kopuruan justu
Ondoren etorriko dira hausnarketak: "Izan ere, ezin gara Euskal Ligara igo hamasei jokalariko talde batekin. Jokalari batzuek asteburuetan lan egiten dute, lesioak izan ditugu... Jende aldetik justu ibili gara, bai partiduetan eta baita entrenamenduetan ere. Horregatik diot ondo pentsatutako erabakia izan behar dela". Puntu bateko aldea dago Arizmendi UDAren eta Ostadarren artean. Ostadarrek etxean jokatuko du, baina Arizmendikoek zaleak izango dituzte ondoan.
Mondra Kopako final-laurdenetan dago
Mondra, berriz kopa txapelketa jokatzen dabil, eta Andoni Ezkurraren taldea final-laurdenetara sailkatu da. Euren multzoan lehenengo sailkatu direnez, zuri-moreek etxean jokatuko dute kanporaketa norgehiagoka hori (domekan, 16:30ean Mojategin): "Partiduz partidu joan gura dugu, baina garrantzitsua da etxeko zaleen aurrean jokatzea".
Mondrako neskek Bergararen kontra jokatutako derbian, ligan.