Iazkoa Eskoriatzan egin ostean, Aretxabaleta izango da Debagoieneko 5. Artzai Eguna hartuko duen herria aurten. Debagoieneko Mankomunitateko turismo bulegoak, Deba Garaia landa garapenak, udalak eta Debagoieneko Pastoriek elkarteek antolatu dute. Lau elkarte hauez gain, Aretxabaletako bi elkarteren laguntza ere izan dute: Gu Haziak Gara eta Hiruatx gobernuz kanpoko erakundea
Askotariko ekintzekin jositako egitaraua prestatu dute, tailerrekin, dastatzeekin, jolasekin eta argazki lehiaketako sari banaketarekin.
Gatzatua eta gantxilloa egiten ikasteko aukera izango da tailerretan, eta dastatzeei dagokionez gazta eta bildotsa egongo dira nahi duenak probatzeko.
Jon Murgiondo Aretxabaletako artzainak azaldu duenez, herritarrek ardi latxari buruz dakitena neurtzeko jolasa antolatuko dute, eta eguna borobiltzeko Debagoieneko Pastoriek Argazki digital lehiaketako sari banaketa egingo dute.
Baina Artzain egunaz gain, Bailarako Dantzarien eguna ere ospatuko da egun eta leku berean. 120 dantzari inguruk hartuko dute parte bertan, eta hala azaldu du Mariatxen Urkiak zein dantza elkarte arituko diren: "Arrasateko Lore Gazteak eta Arrostaitz, Antzuolako Oinarin, Oñatiko Oinatz eta Aretxabaletako Leizarra dantza taldeak arituko gara herriko kaleetan zehar".