Aste Santu aurretik 12 saio egin dira guztira, eta datozen bi hilabetetan lau saio egingo dituzte Aretxabaletako kirol etxean. Lehenengo saioa maiatzaren 8an izango da; bigarrena, maiatzaren 22an; hirugarrena, ekainaren 5ean; eta laugarrena, berriz, ekainaren 19an. Guztiak, 18:00etatik 19:00etara bitartean.
Saio bakoitzak 10 euro balio du, eta libreak dira; hala, saioko ordainduko da, eta ez dago zertan lehenengotik hasi beharrik. Irakaslea, berriz, Zigor Lasagabaster izango da, eta gurasoei dei egin die beraien haurrekiko konfiantza eta erlazioa hobetzeko saioetara animatzeko, eta, hain zuzen, probatuz zer den ikusteko.
Onura handiko saioak
Contakids egitasmoa kontaktu fisikoaren, mugimenduaren eta jokoaren bitartez umeen eta gurasoen arteko komunikazioa sakontzeko metodologia bat da. Bestalde, umeak gorputz mugimenduaren bitartez bere gaitasun motorrak eta bereganako konfiantza indartzen ditu.
Gurasoek ere umeekin elkarrekiko konfiantzan oinarritutako erlazioa garatzen dute, euren burua berriro ume sentitzeko eta seme-alabak kondiziorik gabe laguntzeko. Zigor Lasagabasterrek honela azaldu du: "Gaur egungo gizartean ez dugu denborarik hartzen haurrarekin jolasteko, ezta berarekin egoteko, ez dago kontaktu fisikorik… Ondo pasatzeko saioak dira, baina haurrek 2, 3 eta 4 urte dituztenean egin behar den zerbait da, 5 urtetik aurrera independenteagoak izaten hasten dira-eta…".