Bi txanda egingo dituzte: uztailaren 10etik 14ra lehenengoa, eta 17tik 21era bigarrena. Eta bakoitzean gehienez 60 ume hartuko dituzte. Izena emateko epea, baterako zein besterako, maiatzaren 26an itxiko dute. Argibide gehiago gura dituenak hona bideak: geroasortuzkanpusa@hotmail.com eta Facebook.com/geroasortuzkanpusa.
Entrenatzaile adituak
Orain arte legez herriko neska-mutikoei ez ezik, Euskal Herriko guztiei dago zabalik Geroa Sortuz, eta entrenatzaile eta begirale kualifikatuek gidatuko dutela iragarri dute UDAko ordezkariek. Astelehenetik egubakoitzera bitarteko egunez eguneko egitaraua zehaztuta daukate dagoeneko webgunean (udaretxabaleta.eus). Aurtengo nobedadeetako bat da herriko eta inguruko umeek gaua etxean pasatu ahal izango dutela gura izanez gero.
Iker Arriolabengoa: "Adimen emozionalari emango diogu garrantzi handia aurten"
UDAko futbol eskolaren arduradunak campusaren ardura ere izango du.
Berrikuntzarik izango da?
Azken urteotako egitaraua oinarri hartuta aldaketa txikiak egingo ditugu, irteerak leku ezberdinetara, esaterako. Hala ere oinarrizko saioak mantenduko ditugu: Anoetara joango gara, Zubietara Realeko jokalariekin egotera, ingelesa lantzen jarraituko dugu…
Zein balio landuko dituzue?
Futbolaren bueltako balio positiboak: errespetua, lankidetza, adiskidetasuna, enpatia… Eta adimen emozionala. Horren gaineko lantxo bat egin dut neuk eta horri indarra eman gura diot campusean: kontzientzia emozionala, erregulazio emozionala, autonomia emozionala eta interakzio soziala landuko ditugu, beti ere futbola ardatz hartuta. Jolas kooperatiboak erabiliko ditugu, adibidez, horretarako.
Zein animatuko zenuke parte hartzera?
Futbolean jokatzea gustuko duen edonor noski, baina baita futbol zalea dena ere, Realzalea dena adibidez, haiekin egotera joango garelako. Futbol entrenamendu asko izango ditugu baina ez dugu lehiakortasuna bultzatuko, ondo pasatzea da gure helburua, futbolean jardunda.