Bi aukera eskaini dituzte herriko neska-mutikoek uztaileko udalekuetarako

Mirari Altube Arrese 2017ko mai. 4a, 11:43
Neska-mutiko taldea Herriko Plazan elkartuta iazko udalekuetan.

Herriko umeek eta gaztetxoek kirolez eta jardueraz betetako uztaila izango dute 3tik 21era bitartean. Nagusienek Kirol Udalekuak izango dituzte eta 3 eta 12 urte artekoek Kirolez Blai; batean zein bestean izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 15a arte eta Algara ludotekara edo Ibarra kiroldegira eraman daitezke.

Bi eskaintza egin dituzte aurten. Batetik dago ohikoa, eta Loramendi elkartearen aisialdi taldeak izango du horren ardura. 3 eta 12 urte arteko umeak goiz eta arratsalde elkartuko dira Herriko Plazan hainbat jarduera egiteko, besteak beste, naturarekin uztartutako sormen ekintzak, txangoak eta ikuskizunak. "Aurten, haurrek, eurek, ere proposatu ahal izango dute egin gura dutena", jakinarazi dute aisialdi taldeko ordezkariek.

Kirolez Blai izena jarri diote eskaintza horri, izan ere, Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik seigarren mailara artekoek, hau da, 8 eta 12 urte artekoek, gutxienez astean hiru aldiz, kirol jarduerak izango dituzte Ibarra kiroldegian zein kanpoan.

Bestetik, Kirol Udalekuak eskaintza dago, kiroldegiko begiraleen ardurapean. Eta Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik DBHko laugarren mailara arteko gaztetxoei bideratu diete. Horiek ere goizez eta arratsaldez elkartuko dira –egubakoitzetan goizez bakarrik– kiroldegian bertan eta hainbat jarduera egingo dituzte: zenbati kirol modalitate, altxorraren bila, eta kirolarekin zerikusia duten ekintzak eta jolasak.

Izen-emate epea zabalik

Izen-emate epea martitzenetik dago zabalik eta hilaren 15ean, astelehena, itxiko dute. Prezioa 75 euro da bi kasuetan, eta Laboral Kutxan edo Kutxabanken ordaindu behar da. Ondoren, izen-emate orria eta ordainagiria Ibarra kiroldegian edo Algara ludotekan utzi ahal izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak