Ibarra kiroldegia 07:00etan zabalduko dute maiatzetik

Mirari Altube Arrese 2017ko api. 28a, 16:12

Erabiltzaileak Ibarrako gimnasioan.

Martitzenaz geroztik eta uztail bukaerara bitartean ordubete goizago zabalduko dute Ibarra kiroldegia. Erabiltzaile goiztiarrendako, gainera, hainbat jarduera antolatu dituzte Egun on jarduerak izenarekin: hipopresiboak, igeriketa eta areto bizikleta, besteak beste.

Maiatzaren 2an hasi eta uztailaren 28a bitartean 07:00etan zabalduko dute Ibarra kiroldegia, orain baino ordubete goizago. Ordutegia luzatzeko egingo duten bigarren proposamena da; domeka arratsaldetan zabaltzea izan zen lehenengoa eta ia bi hilabetez probatu dute, apirilaren 9a arte hain zuzen ere.

Hainbat jarduera egiteko aukera ere eskainiko dute, gainera, martitzenetik Egun on jarduerak izenarekin: martitzen eta eguenetan igerian hobetzeko elkartuko dira 07:15ak eta 08:00ak artean, eta hipopresiboak landuko dituzte 08:15etik 09:00etara; eta astelehen eta eguaztenetan, areto bizikletan jardungo dute 07:15etik 08:00etara.

Konponketa lanak hastear

Kiroldegiaren fatxadaren konponketa lanak hiru bat aste barru hasiko dituzte. Jausitako kristalaren ordez sandwich panelak jarriko dituzte: "60 milimetroko panelak izango dira eta 23 zentimetroko tartearekin marra bertikal bat izango dute kristalen zabalera berekoa. Zurixkak dira, hortaz, ez da aldaketa nabarmena izango itxurarako", argitu du Unai Elkoro alkateak.

Guztira 423.000 euroko kostua izango duten konponketa lanak soberakinarekin finantzatzea erabaki dute: "Horretarako osoko bilkura egin beharra dago aurrekontuan txertatzeko; hurrengo asterako espero dugu tramiteak eginak izatea", dio Elkorok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak