Eguenean hasi zuten Guadarraman (Madril) erkidegoetako selekzioen arteko 12 urtez azpiko futbol txapelketa. Parte hartzaileen artean, UDAko jokalaria den Maren Lezeta aritu da, Euskal Selekzioarekin.
Lehendabizi taldekako fasea jokatu zuten, eta euskaldunak D taldean zeuden, Balear Uharteekin, Gaztela-Mantxarekin eta Galiziarekin batera. Bada, lehen partiduan 1-0 galdu zuten balearren aurka, baina gainontzeko bietan aldiz, nagusi izan ziren. 1-0 gailendu ziren galiziarren aurka, eta gaztelarrak aise menderatu zituzten, 4-0 emaitzarekin. Hala, final laurdenetara sailkatzea lortu zuten, eta fase horretan Asturiaseko selekzioa zeukaten zain. Hauen kontra 2-1 galdu zuten, baina, Maren Lezetaren esanetan, "ondo jokatuta".
Dena den, emaitzak baino garrantzitsuagoa esperientzia bera izan da. Lehenengoz egin du aretxabaletarrak horrelako bidaia bat Euskal Selekzioarekin, eta oso pozik itzuli da: "Lagun on berri asko egin ditut, eta esperientzia oso polita izan da. Ez dut inoiz ahaztuko".