goiena.eus

Euskara ahoan izateko aitzakia egubakoitz eta zapatuan

  Euskara  Aretxabaleta

Korrika Txikia hasiko da girotzen bihar herriko kaleak; hiru ikastetxeek bat eginik jardungo dute erdigunean lasterka 10:30ean hasita. Lekukoa, baina, zapatuan pasatuko da 13:37ren bueltan, eta ondoren, jaiak jarraitu egingo du herri bazkariarekin; 600 lagunek eman du izena.

Euskara ahoan izateko aitzakia egubakoitz eta zapatuan
Joan den zapatuan Orkatzategin, Korrikaren etorreraren berri ematen. | Ikusi handiago | Argazki originala

Pausoz pauso badator 20. Korrikaren lekukoa Debagoienera; egunotan euskara ahoan izateko aparteko aitzakia. Lekuko ofizialaren aurretik Korrika Txikiarena ibiliko da eskuz esku eta kalez kale; gaur da hori, 10:30ean hasita.

Bi urtekoek emango diote hasiera Pausoka parean eta hiru ikastetxeetako ordezkariek eramango dute lekukoa lehen metroetan. Ondoren Haur Hezkuntzakoek hartuko dute eta Herriko Plazaraino eraman. Bigarren buelta Lehen Hezkuntzakoek egingo dute eta plazara iritsitakoan egingo duten ekitaldiarekin bukatuko dute Korrika Txikia.

Iluntzean, ostera, Ihara eta Alberdi bikoteak eta Trigger, Eñaut Zubizarreta, txelo-joleak jardungo dute Pagaldaixenean; taberna ere egongo da.

600 lagun bazkaltzeko

Zapatuan, goizean goizetik izango da jai giroa kaleetan: doke txapelketa, dantzak, buruhandiak eta gaiteroak… Argazki erraldoia ere aterako dute. 13:30ak eta 14:00ak bitartean pasatuko da lekukoa Aretxabaletatik eta hamabost taldetako ordezkariek eramango dute hiru kilometrotan. Herritik alde egin eta gero ere jaiak jarraitu egingo du. Zuk ekarri, zuk jan bazkarirako 600 lagunek eman dute izena, hortaz, plaza bete-bete eginda izango da. Eta bazkalostea herriko trikitilariek girotuko dute. Korrika batzordeko kideek hainbat aholku eman gura izan dituzte: "Pazientziaz jokatu, jende asko izango gara eta. Mahaiak txukun jaso eta antolatzaileei lagundu. Eta hondarrak dagokien lekura bota".

Eguneko ekitaldiak musikarekin bukatuko dituzte. Jasan eta  D-skarga taldeak eta AZ Gaubelak izango dira besteak beste, ilunkara girotzen.

Egitaraua osorik

Apirilak 7
• 10:30 Korrika Txikia:
Haur Hezkuntzakoak: Pausoka, Andramari, Mitarte kalea, Durana kalea eta Herriko Plaza.
Lehen Hezkuntzakoak: Herriko Plaza, Errekabarren, Pausoka, Loramendi, Bizkaia kalea, Araba ibilbidea, Mitarte, Durana eta Herriko Plaza.
• 19:00 Taberna eta kontzertu akustikoak Pagaldaixenean: Ihara&Alberdi eta Trigger.

Apirilak 8
• 10:00 Diana, dokea, dantza, buruhandiak, gaiteroak, argazki erraldoia…
• 13:37 Korrika badator!
• 14:30 Herri bazkaria eta erromeria Herriko Plazan.
• 19:00 Musika emanaldiak Pagaldaixenean: Jasan, D-skarga, AZ Gaubelak…

Lekuko aldaketak

Lekuko aldaketak non eta noiz izango diren eta zeintzuk eramango duten.

Arrasateko biribilgunea (13:37)
• Udala
• EAJ
• EH Bildu
• Murrukixo MT
• Emakume taldea

Otalora kalea: Bedarretako arrandegia (13:43)
• Aretxarte elkartea
• Loramendi elkartea
• Kurtzebarri eskola
• Arizmendi ikastola
• Pausoka haur eskola

Araba ibilbidea: Zaraia taberna (13:50)
• UDA
• Arteman
• Copreci
• Assembly
• Lanbide Eskola

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa