Iban del Campo (Huhezinema-ko antolatzailea): "Eskerrik asko parte hartu eta lagundu diguzuen guztioi!"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko api. 7a, 09:00

Ordainketak, laburpen-bideoa eta azken orduko bestelako lanak borobilduta, astean itxi dute aurtengo jaialdiaren parentesia.

Antolatzaileak pozik jaialdiarekin?
Intentsua izan da; emaitza ikusita, oso pozik gaude. Ikasleek antolatzen dute eta erantzukizun handia dute, eta aurten,  hamargarrena izanik, anbizio handia izan dugu egitarau zabalagoa eskainita. Zinema aretoa egunero bete dugu eta ikasleek asko ikasi dute, hortaz, pozik!

Eta zer diote parte-hartzaileek?
Irabazleak, nola ez, oso pozik, baina, era berean, parte-hartzaile askoren mezuak heldu zaizkigu jasotako tratua eta jaialdiaren kalitatea goraipatuz. Ikusleen eta babesle batzuen feedback ona ere jaso dugu.

Epaiekin bat datoz lehiakideak?
Orokorrean, bai, ez da zalapartarik izan, sarien kontua oso subjektiboa izaten dela kontuan hartuta. Ikasleen sailean izan da gustuko izan ez duenik, baina hori da jaialdiaren saltsa!

Sariak gainbegiratuta, zer diozu Sail Ofizialeko onenei buruz?
Goiena saria Beti Bezperako koplak animaziozko lanari eman genion. Tradizioaren berrikusketa eguneratu batetik abiatuta, genero indarkeriari buruzko ikuspegi anitza teknika plastiko ezberdin eta indartsuen bitartez jorratzea goraipatu zuten. Vertigo saria El Divino lanak eskuratu zuen; Algortako pertsonaia bitxi bati buruz mimoz egindako dokumentala da. Eguneroko baten itxura duen Karta Astrala izan zen, berriz, ikusleen ustez onena.  

Azkeneko hori, besteak beste, Maite Bidartek egin du; hain justu, Basque Culinary saria jaso duenak.
Krispetak lanagatik jaso zuen; besteak beste, lengoaiarekin jolasteko abilezia goraipatu zuten. Ikusleen saria Wabi-Sabi lanak jaso zuen. Horiez gainera, MU ikasleen sailean: Flash fikziozko onena eta Trapu Zaharrak dokumentalik onena.

Hamaikagarrena bidean, ezta?
Ikasketa plana aldatu egin da eta egokitzapenak egin behar dira, baina esango nuke hamaikagarrena izango dela, bai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak