Aldamioak daude kiroldegiaren barruan eta kanpoan otsailaz geroztik. Babesteko jarrita daude eta laster lanean ere hasiko dira horien gainean. Fatxadan jausi gabe geratutako kristal xaflak kenduko dituzte, hain zuzen, datozen egunotan.
Ia bi hilabete bete direnean haizeteak eragindako kalteen kostuaren berri eman du Unai Elkoro alkateak: 423.000 euro. "Fatxada, sabai-leihoak, solariumeko belarra, sabaia eta eguzki plakak hondatu ziren eta horien guztien kostua da 423.000 euro", dio Elkorok.
Soberakina edo finantzaketa
"Bai proiektua, bai obraren exekutatzea ondo begiratuko ditugu. Eraikitzeko garaian akatsak egon zirela uste dugu eta erantzukizunak eskatuko ditugu orain", argitu du. Kontu horrek, baina, luze joko du eta bien bitartean Udalak egin beharko dio aurre kostuari. Eraikinaren asegurua, gainera, ez zegoen behar bezala eginda: "Eraikin berriaren balioaren %5a bakarrik dago aseguratuta, hau da, kirol etxe zaharraren katastroaren balioa". Hori horrela, dirutza hori ordaintzeko bi bide aztertzen dabiltza: soberakina eta kiroldegiaren finantzazioa luzatzea. "Beste bi ordainketa gehiago egiteko sei hilabetean luzatzea litzateke. Bi aukerak gabiltza aztertzen".
Kristalaren ordez txapa
Aste Santuaren bueltan kenduko dute fatxada, "beste haizeteren batek arazo gehiago sor ez dezan". Eta horren ondoren hasiko dituzte lanak. "Sabai-leihoak aldatzeko bidrioak eskatuta ditugu dagoeneko baina denbora beharko dute fabrikatzeko".
Kiroldegiaren fatxadan kristalezko xaflen ordez zer jarri ez dute erabaki oraindik: "Lehen bezalako ezer ez dugu jarriko emaitza zein izan den jakinda. Gure asmoa litzateke txapazko sandwich bat jartzea, baina arkitektoekin sinatutako kontratua begiratu behar dugu aurretik. Izan ere, ez dugu gura horren diseinua egindako arkitektoak jabetza intelektual eskubideak arrazoituta trabak jartzen etortzerik".
"Ondo bidean" udan eguzkia hartzeko solariuma erabiltzeko moduan izango dela uste du alkateak.
Pilotalekuko sabaiaren konponketa
Iturrigorri pilotalekuko sabaian dagoen zuloa eta beste itogin batzuk konpontzeko lanak ere egunotan hasiko dituzte. Datorren astean kendu egingo dute orain dagoen sarea eta beste bat jarri langileek lan egin ahal izateko. Sabai guztia berrituko dute lehenengo eta gero margotu. Lanok maiatzaren erdirako bukatuta izango dituztelakoan daude.