Kurtzebarri eskolako komunitatea murrizketen aurka agertu da

Mirari Altube Arrese 2017ko mar. 22a, 08:30

Martxoaren 21ean egindako elkarretaratzea.

Elkarretaratzea egin zuten Kurtzebarri eskolako irakasleek eta gurasoek atzo, martitzena, murrizketen aurka. Eta gaur greba dute.

Kurtzebarriko komunitateak zera adierazi gura izan du:

"Euskal Herriko eskubide sozialen kartak jasotzen duena. Gizarte eragile, sindikatu eta herri anitzetako giza talde desberdinek adosturikoa da:

Pertsona guztiek dute hezkuntza publiko, euskaldun, plural, laiko eta doakoa eskuratzeko eskubidea, aniztasuna integratuko duena eta berdinzalea izango dena genero ikuspegitik (hezkidetza), ikuspegi kritikoa eta elkartasun internazionalista sustatuko dituena, hezkuntzaren etapa guztietan, bai derrigorrezkoetan eta bai derrigorrezkoak ez direnetan.

Hezkuntza sistema propioa izango da eta euskal curriculuma deritzana garatuko du. Zeharkako eran, hezkuntza emozionala ere hartuko du barne eta pertsonen jarduera kritiko eta sortzaileak bultzatuko ditu.

Euskararen ezagutza eta erabilera bermatu behar zaizkie ikasle guztiei. Euskalduntzerako eskubidea bizitza osoko eskubide bat da.

Martxoaren 22an greba dago deitua hezkuntza publikoan, helburua, goian dagoena lortzeko aldarrikapen gisa mugarri bat ezartzea da. EAEko Hezkuntza Sailari bide hau egitea eskatu nahi diogu Espainiar estatuaren mendekotasunetik askatu eta bide propioa eta adostua egin dezagun. Kurtzebarri eskolak egun honetan grebarekin bat egingo du".

Gurabarri guraso elkartearen babesa

Kurtzebarri eskolako Haur eta Lehen Hezkuntzako guraso elkarteak bat egin du mobilizazioekin. Eta zera adierazi du: "Hezkuntza sistemak jasaten ari diren murrizketak (ordezkapenak, ratioak, material kurrikularrak, familien parte-hartzea,…) onartezinak dira. Gure seme-alaben etorkizuna eta duintasuna ezin da bermatu benetako inbertsioa haiengan egiten ez badira: etorkizuna haien eskuetan geratuko baita. Gizartearen etorkizuna gaur egungo hezkuntzaren kalitatearen isla izango da, eta dagoena ikusita ez du oso itxura ona. Eusko Jaurlaritzak ez du benetako apustua egiten Euskal Eskola Publikoak behar dituen baliabideak edukitzeko eta LOMCE aplikatzen jarraitzen du, Heziberriren bitartez. Bi sareen arteko desorekak areagotzen ari direlarik, Eskola Publikoen kalterako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak