Txintxinek lagunduta dator Txapel Txin

 Aretxabaleta

Txapelak jantzita eta torradak dastatzeko gertu elkartuko dira bihar kuadrillak Herriko Plazan. Dagoeneko hamar urte bete dituen Txapel Txin, Txintxin umearekin etorriko da aurten Aratusteen berri eman eta mozorro jaia girotzera.

Aratusteak girotzen hasteko gertu dago Txapel Txin eta gaur, egubakoitza, ikastetxeetako neska-mutikoei egingo die bisita. 10:00ak aldera gerturatuko da Kurtzebarri eskolara eta ondoren Arizmendi ikastolako Basabeazpi gunera. Gainera, ez dela bakarrik etorriko iragarri du: "Txintxin jaio da eta Aratusteak ospatzen hasteko gertu dago!".

Ondo errotutako jaia

Hamar urte beteko ditu bihar Txapel Txin egunak. Urteurren borobil horretan sorrerako lagunak izan gura ditu gogoan: "Karnabalen Lagunek orain dela hamar urte ekin zioten Txapel Txin jaia antolatzeari, eta ordutik hona ondo errotu da herrian. Orain ordukoak gogoan izatea komeni dela uste dugu". Hori horrela, "ondo merezitako omenaldia" eskainiko diotela bihar jakinarazi du.

Egitarauari dagokionez ez dago berrikuntzarik; ohi legez, kale animazioa, torrada lehiaketa eta pregoia izango dira protagonistak. Ekitaldiak, baina, goizago hasiko dituzte –pregoia esaterako, 19:00etan– herritarrek hala eskatuta.

Kuadrillak lanean

Aratusteak ere ate joka daude eta otsailaren 26ko hitzorduari begira lan eta lan dihardute kuadrillek herrian. Azbeko eraikinean dabiltza asko muntaiak gertatzen; hain zuzen ere, hamar kuadrillek hartu dute hango giltza –horietako hiru adin txikikoak–.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa