Ohikoak ez diren generoetan sortzaileei laguntzea da Karmele Igartua sariketaren helburua. "Ikastetxeetan egiteko antzerki gidoiak idaztea proposatu dugu seigarren sariketa horretan, konturatu gara-eta ikastetxeetan lantzen dituzten antzezlanak oso zaharkituak geratu direla, eta, beraz, ikasgeletan lantzeko material berrien beharrean gaudela", azaldu du Tere Irastortzak, Idazle Eskolako zuzendariak.
Idazle eta irakaslearen omenez
Karmele Igartua Aretxabaletako idazle zenaren omenez sortutako beka aproposa da ikasgeletan sorkuntza bultzatzeko, antolatzaileen esanetan. "Haur eta gazte literaturan jardun zuen Karmelek, eta, era berean, Aretxabaletako Kurtzebarri eskolako irakaslea ere bazen".
Igartuaren familiakoendako ere garrantzitsua da bekaren izaera. "Sariketaren berri jaso genuenean, pozez hartu genuen. Gure amaren lanek aztarna utzi dutela adierazten du, eta, era berean, literatura sari horrek haren lana zabaltzeko aukera ematen du. Gure amak beti idatzi izan zuen, baina Bergarako Idazle Eskolan izena eman zuenean hasi zen bere talentuaz edo bere lanen garrantziaz konturatzen; azkenean, hiru poema liburu argitaratzera iritsi arte. Idazle Eskolan, gainera, beste idazle berri batzuk eta ezohikoak diren genero literarioak ere landu zituen. Amari ere gustatuko zitzaion, seguru, bere izenean beka hori sortzea", azaldu du Garazi Oiangurenek, Karmele Igartuaren alabak.
Zortzi lan aurkeztu dituzte
Irastortzaren esanetan, gustura daude aurtengo edizioak izan duen harrerarekin. "Antzerkia ez da argitaratzeko literatura genero samurra, eta zortzi lan jaso ditugu; beraz, kopuru polita da. Proposatu moduan, lau eta hemezortzi urte bitarteko ikasleek antzezteko gidoiak dira guztiak. Obra konplikatuak beharrean, ikasleek beraiek beste ikasle batzuen aurrean eskaintzeko ezaugarriak dituztenak: efektu berezi gabekoak, eta 20 eta 40 minutu bitarteko iraupena dutenak. Gaiei dagokienez, oso ezberdinak dira; parte hartzaileren batek bi lan aurkeztu ditu eta horien artean, akaso, badago antzekotasunik, baina, orokorrean, jasotako lanen artean denetik pixka bat dagoela esango nuke. Publikoari begira ere bai: haur txikien aurrean antzezteko idatziak dira horietako batzuk, eta gazteen aurrean egiteko edo nerabeendako, berriz, beste batzuk. Idazleen jatorriari begiratuta, Euskal Herriko toki askotakoak dira".
Pako Aristi, Itziar Gomez eta Iñaki Zubeldia idazleek osatu dute aurten epaimahaia. "Idazle Eskolan kolaboratzen dute hirurek, eta, era berean, hirurek ezagutzen zuten Karmele. Kopuruaz gainera, lanen maila ona azpimarratu dute, nahiko aho batez erabaki zuten saria nori eman. Emaitzak ikusita, iruditzen zaigu lan polita egin dugula aurtengo sariketarekin".
Gidoiak ikastetxeen eskura
Gaurko sari banaketan emango dute ezagutzera irabazlearen izena; hala ere, Irastortzak aurreratu du 2.500 euroko saria eskuratuko duen irabazleaz gainera, aipamen berezia jasoko duela beste lagun batek. "Ekitaldi xumea izango da. Karmeleri buruzko hitzekin hasiko dugu, baina irabazleei espazioa eta hitza ematea da gure asmoa".
Lan irabazlea idazten.com, Idazle Eskolaren atarian argitaratuko dute. "Edozein ikastetxetan erabili gura badute, bertatik hartzeko aukera izango dute. Guretako, polita litzateke egunen baten Aretxabaletako eskolakoek antzeztea, baina hori ez dago gure esku".