EH Bilduko Ion Albizuk egun erdiko lan jarduna izango du udaletxean

Mirari Altube Arrese 2016ko uzt. 19a, 16:05

Ohiko osoko bilkura egin zuen atzo udalbatzak eta onartu EH Bilduko zinegotzi baten udal jarduna. Irailetik aurrera, Ion Albizu, lau orduz izango da udaletxean. Bestetik, galderen atalean alkateak iragarri zuen tanatorioa industrialdera bideratzeko hitzarmena astean sinatuko dutela.

Oporrak hartu aurreko azken ohiko osoko bilkura egin zuen Aretxabaletako udalbatzak atzo, eta proposatu zuten EH Bilduko zinegotzi batek udal jarduna izatea. Izan ere, Udal Lege berriak ahalbideratzen du oposizioko talde nagusiak liberatu bat izatea.

Udalbatzako kideek onartu egin zuten proposamena. Dena den, Irabaziko zinegotzia legeak dioenaren aurka azaldu zen oposizioko talde nagusiak bakarrik hartzen dituelako kontuan eta abstentziora jo zuen. Ion Albizu da liberatuko den zinegotzia eta irailaren 1ean hasiko da lanean. EH Bildu, orain arte legez, Udal gobernu batzordeko kide izango da eta oposizioan jarraituko du egoten.

Bestetik, Leintz Gatzagako gela desplazatua zabalik mantentzearen alde egin zuen udalbatzak mozio bidez. Guraso elkarteari babesa adierazi zioten eta babes horren berri Hezkuntza Sailera bideratzeko konpromisoa hartu zuten.

Tanatorioa

Galdera eta eskaeren atalean, ostera, tanatorioaren gaineko informazioa eskatu zuen EH Bilduk, eta ez zen konforme agertu industrialdean tanatorioari lekua egitearren 170.000 euro gastatu behar izanarekin.

Iazko gerakinetik diru hori ordaindu behar izatea ez duela gustuko erantzun zien alkateak, baina irtenbiderik egokiena topatu nahi izan dutela. Udalak eskuratuko du Nafarroa kalean orain dela bost urte inguru tanatorioa jarri behar zuten lokala, eta horren ordez, industrialdeko lokal bat erosiko du enpresak. Bi aldeen arteko hitzarmena astean sinatuko dutela iragarri dute.

Bukatzeko, Hirigintza Plana oraindik abian ez egotea egotzi zion EH Bilduk Udal gobernuari, eta Irabazik, Berdintasun Saila geldi egotea teknikaria joan zenetik. Biei ala biei irailean bultzada bat emateko konpromisoa hartu zuten.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak