Frontenis final batek zenbateraino eman dezakeen

Xabier Urtzelai 2016ko mar. 6a, 17:29

Ikusleek inbidiaz jarraitu dute Ainara Mugak, Amaia Ariznabarretak, Rosa Ojuelek eta Lore Martinezek jokatutako frontenis txapelketako finala, horiek berotan sartu direlako, eta zelan gainera. Baina, ondoren izan den omenaldian egon da eskuak berotzeko aukera, omenduek jaso duten txalo zaparradaz.

Emakumeen Frontenis Txapelketako finalistek denbora hartu dute finala hasi aurretik behar den moduan berotzeko. Ez zen gutxiagorako, Iturrigorrin hotz galanta egiten zuelako. Baina behin jokoan hasita, laurek ere erakustaldi polita eskaini dute. Ainara Mugak eta Amaia Ariznabarretak 25-10 irabazi diete herriko ordezkariei, Rosa Ojueli eta Lore Martinezi, eta markagailuak bestelakoa erakusten badu ere, tanto asko oso borrokatuak izan dira; hala, finalistek txapelketako hirugarren edizioak merezi zuen finala egin dute: "Antolatzaileak zoriondu gura ditugu, sekulako lana egin dutelako", adierazi du bikote irabazleak.

Kirola eta aldarrikapena, batera

Partiduaren ondoren, berriz, eguerdiko momentu bereziena iritsi da. Nazioarteko Emakumearen Egunaren bueltan zegoen hitzordua antolatuta, eta eguraldiak laguntzen ez zuenez, antolatzaileek baztertu egin dute kalejira egitea, eta omenaldia pilotalekuan bertan egin dute. UDAko antolatzaile taldearen lana amaituta, feminista elkartekoek hartu dute ekitaldiaz jarraitzeko ardura. Lehenengo bertsolariak izan dira, eta ondoren bi emakume omendu dituzte. Batetik, Pilar Ansoategi arrasatearra, eta bestetik, Karmele Unzueta aretxabaletarra. Eta momentu hunkigarria izan da, protagonistek ez zutelako halako omenaldirik espero, eta sorpresaz hartu dute dena. Hala, hegan egiteko erratz bana jaso dute, eta lehen aurreratu moduan, ikusleen txalo zaparrada beroa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak