Hedabideen balio soziala aztertzeko jardunaldiak egin dituzte Huhezin

Ander Larrañaga 2015ko abe. 14a, 16:40

Mondragon Unibertsitateko Hezikom ikerketa taldeak, euskarazko komunikabideen balio soziala ikertzea helburu duen ikerketa proiektua egin du eta astelehen goizean ikerketa horren lehen emaitzak aurkeztu dituzte Huheziko Aretxabaletako fakultatean.

 Gertuko komunikabideen III. jardunaldia: balio soziala izeneko jardunaldia da egin duten ekitaldia.

2014 eta 2015ean Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailordetza babesle nagusia izan da ikerketan eta horren emaitzak aurkeztu dituzte, hain justu, gaur. Horretarako, hainbat aditu gonbidatu dituzte: hala nola, Kataluniako ikus-entzunezkoen kontseiluko Martí Petit, Deustuko Unibertsitateko Jose Luis Retolaza eta EHUko Leire San-Jose.

Balio sozialaren pertzepzioa

Hezikomeko Txema Egañak azaldu duenez, jardunaldi horiekin egin gura izan dutena da, ezagutaraztea balore ekonomikoetatik urruti, ze balore eskaintzen dituen euskarazko komunikazioak interes taldeendako. Horrekin batera, ikerketa-pilotu bat egin du Hezikom taldeak euskarazko komunikabideen balio soziala neurtzeko eta euskarazko herri ekimeneko bi komunikabidetan jarri dute praktikan pilotu hori: Goienan eta Berrian. Pilotu horretan, balio sozialari dagokionez, Deustuko Unibertsitateak eta EHUk erabiltzen duten metodologia aplikatu dute bi hedabideetan.

Esan bezala, hedabideetan balio sozialaren inguruan dagoen pertzepzioa azaldu dute: batetik, herri ekimeneko komunikabideen bueltan, Hekimeneko Alberto Barandiaranek, Berriako Martxelo Otamendik eta Goienako Iban Arantzabalek mahai-ingurua egin dute; eta bestetik, EITBko Estrategia eta Komunikazio zuzendaria den Andoni Aranburuk bere hedabideko pertzepzioa zein den azaldu du.

Kontuak kontu, hedabideendako oso elementu garrantzitsua izango da balio sozialarena: "Gero eta gehiago zabalduko den kontzeptua da; denbora gutxi barru, ziurrenik derrigorrezkoa izango da diru laguntzak eskatzerako orduan. Gainera, gure lanari balioa emango dion zerbait da: askotan dirudi diru-laguntzak jasotzen ditugula eta bueltan ez dugula ezer ematen eta honekin hau horrela ez dela erakutsiko da" azaldu du Berriako zuzendaria den Martxelo Otamendik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak