Edukiontziak txiparekin edo atez atekoa hautatu ahal izango dute aretxabaletarrek urtarrilaren 24an

Mirari Altube Arrese 2015ko aza. 17a, 20:00

Ohiko osoko bilkura egin zuen atzo Aretxabaletako udalbatzak eta hondakinen bilketa sistemaren gaineko galdeketa izan zuten berbetagai. Urtarrilaren 24an egingo dute galdeketa hori eta bi galdera zehaztu dituzte: edukiontzien bidezko gaikako bilketa eta atez atekoa. Galdeketaren prozedura eta konpromisoak ere onartu zituzten udalbatzako kideek atzo, aho batez onartu ere.

Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunaren bueltako adierazpen instituzionala onartu zuen aho batez Aretxabaletako udalbatzak atzo egindako ohiko osoko bilkuran. Horrekin konpromisoa hartu zuten tratu onen eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde udal politika aktiboa eta koordinatua garatzea, eta herritarrak gonbidatu zituzten berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartzera, eta azaroaren 25aren bueltan egingo diren ekitaldietan parte hartzera.

Bestalde, EH Bilduk mozio bidez eskatu zuen Debagoieneko ospitalean egin ahal izatea erresonantzia magnetikoak eta ez ospitaleko atarian dagoen kamioi batean. Bat etorri ziren udalbatzako kide guztiak. Eta Osakidetzaren protokoloa ere onartu zuten.

Galdeketa urtarrilaren 24an

Ondoren hondakinen bilketa sistemaren gaineko galdeketa izan zuten berbetagai. Eta aho batez onartu zuten hori ere. Unai Elkoro alkateak iragarritako moduan urtarrilaren 24an, domekan, izango da galdeketa hori eta bi sistemen artean hautatu beharko dute aretxabaletarrek. Galdera honako hau izango da: Aretxabaletako udalerrian zein kontsideratzen dugu hondakinak gaika biltzeko erarik egokiena?

Eta aukerak honako beste biak:

  • 5. edukiontzia: edukiontzien bidez gaikako bilketa egitea, organikoarena eta errefusarena txipdun edukiontziak izanik.
  • Atez atekoa (orain arte moduan): edukiontzi indibidualen bidez gaikako bilketa egitea; organikoak, ontzi arinek, paperak eta errefusak ordutegia eta egutegia izanik.

Herritarrek aukeratzen duten bietako edozeinekin gutxienez %70eko gaikako bilketa lortu beharko da. 

Helburu hori lortzen ez bada neurri zuzentzaileak hartuko dituzte eta horiek ere zehaztuta dauzkate. %75etik beherako emaitzak lortzen badira argibideak emango dizkiete herritarrei. Eta bilketa %70etik beherakoa baldin bada informazioarekin batera ez ohiko neurriak hartuko dituzte, ordutegia eta egutegia ezarri, esaterako.

Jasotako hondakinen kalitatea ere aztertuko dute, eta organikoari dagokionez, inpropio kantitatea %5etik beherakoa izan beharko dira.

Aurrez bozkatzeko aukera

Galdeketan bozkatu ahal izango dute Aretxabaletan erroldatuta dauden 18 urtetik gorakoek. Kanpainak hamabost egun iraungo ditu eta aurrez bozkatzeko aukera egongo da, urtarrilaren 14tik 21era bitartean, hain zuzen ere. Galdeketaren emaitza loteslea izango dela iragarri dute, erroldatutako herritarren gutxienez %33k bozkatzen badu. 

Udal gobernuak gainera, parte-hartze eta galdeketa ordenantza bat garatzeko konpromisoa hartu du. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak