1.600 opari baino gehiago banatuko ditu Aretxartek astelehenean hasita

Mirari Altube Arrese 2015ko aza. 14a, 09:00

Azaroko bigarren hamabostaldia girotzeko asmoarekin tonbola jarriko du abian Aretxartek. Datorren astelehenean hasita harraskatu eta irabazi txartelak izango dituzte komertzioetan euro baten truke, eta "opari mordoa" banatuko dituztela iragarri dute. 

Aretxarte osatzen duten komertzioetan eta tabernetan, 50 guztira, izango dituzte harraskatu eta irabazi txartelak, 50 bakoitzean. "Abendu aurreko kanpainatxo bat da, udazkeneko egunoi bizitasun apur bat emateko", dio Idoia Elexpuru presidenteak, eta jakinarazi du 1.600 opari baino gehiago dituztela gordeta banatzeko: "Opari mordoa eta ederrak, gainera: telebista, argazki kamera bi, bidaia bat, erlojuak, guardasolak, albumak, turroiak… Baita UDAko jokalariek sinatutako baloiak ere". 

Astelehenean hasi eta 2.500 txartelak agortu arte iraungo du kanpainak, eta merkatariek uste dute harrera beroa egingo dietela aretxabaletarrek txartel horiei. 

Egutegia, abenduan

Iaz legez, aurten ere egin dute egutegia merkatariek, eta hori bukatu zain daude bezeroen artean banatzen hasteko. "Abenduaren erdi ingururako izango dira gertu", iragarri du Elexpuruk eta gaineratu: "Iazkoak harrituta utzi zituen herritarrak eta gustura jaso zuten. Aurtengoarekin ere asmatuko dugulakoan nago". 

Gabonetako kanpaina 

Bestetik, Gabonetako kanpainari ekingo diote abenduaren erditik aurrera. Azken urteetan legez txartelak banatuko dituzte bezeroen artean eta Aretxarteko komertzioetan erosi izana ziurtatzen duten sei zigilu jarri beharko dira hor. 50 euroko hogei txartel eta bost bidaia banatuko dituzte zigiluak dituzten txartelekin zozketa egin ostean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak