Bertsoak iaz jaiotako neska-mutikoendako Lekaixoka bertso eskolakoen eskutik

Mirari Altube Arrese 2015ko ira. 30a, 16:58

Aretxabaletan 2014an jaiotakoei bertsoak egingo dizkiete Lekaixoka bertso eskolako kideek. Eta bertsoekin eta argazkiekin osatutako liburua argitaratuko dute. Udalaren oniritzia jaso du proiektuak eta beregain hartuko ditu gastuak. Izena emateko epea zabalik dago urriaren 10a arte.

Euskararen Nazioarteko Egunean banatzeko

Lekaixokako kideei bertso liburu bat iritsi zitzaien eskuartera orain dela urte eta erdi inguru. Eta ideia hura Aretxabaletara ekarri dute orain. Proposamena Udalari aurkeztu zioten eta honek oniritzia eman du; baita gastua beregain hartu ere. Hain zuzen Aitor Gabilondo Euskara zinegotziarekin hitzarmena sinatu dute proiektuak aurrera egin dezan.

"Proiektua da jaioberriei bertso bat egitea eta hori liburu baten jasotzea horien argazkiekin batera", jakinarazi du Mikel Mendiaratzek, Lekaixoka bertso eskolako presidenteak. Liburu hori gero Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan, abenduaren 3an, egingo den ekitaldi batean banatuko diete gurasoei.

69 ume dira 2014an jaiotakoak, eta liburua egin ahal izateko gurasoen edo umeen tutoreen baimenak eta laguntza behar dituzte. Horiengandik jaso beharko dituzte honakoak: umearen izena, abizenak eta jaioteguna; gurasoen edo tutoreen izen-abizenak, nortasun agiriaren zenbakiak eta helbidea; umearen bi argazki; eta umearen deskribapen labur bat: izaera, berezitasunak, bitxikeriak, familiakideak…

Izena emateko azken eguna urriak 10

Interesatuta dauden gurasoek izena eman behar dute, eta horretarako azken eguna da urriaren 10a. Datuak bidaltzeko bi aukera daude: Lekaixokara zuzenean bidali honako helbidera idatzita: lekaixoka@gmail.com. Eta Arkupe kultura etxeko harreran utzita (argazkiak CD baten edo USB batean sartuta; horiek bueltan hartu ahal izango dituzte gurasoek).

Argibideak gura izanez gero bertso eskolara jo  edo Aretxabaletako Udaleko Euskara Sailera: 943-71 18 62. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak